Emakumeen lana omenduko da desafioan

Maider Arregi 2018ko mai. 18a, 09:59
Enrike Pagoaga eta Balentin Agirre Urruti, apustuan

Bihar, zapatua, ospatuko dute San Isidro eguna antzuolarrek. Aurten ere, behi-jezte apustua egingo da, baina berrikuntza batekin, emakumeak ariko dira-eta behiak jezten. Helburua da urteetan emakumeen ardura izan den lana bistaratzea.

Indartuta dator aurtengo San Isidro jaia. Bihar, zapatua, urtero legez, ganadu feria eta barazki zein artisau postuak egongo dira Kalebarren eta Herriko Plaza inguruan. Baina aurten, Aiherra-Antzuola senidetze eguna ere ospatuko dute herritarrek. Hala, Antzuolako festarik kutunenetakoa bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dute aihertarrek. Goizeko hamaiketan, harrera egingo diete Antzuolako udal ordezkariek eta antzuolarrek.

Egitarau zabala

09:00etatik 13:00etara bitartean zabalduko da San Isidro azoka: ganadu feria, herriko artisauak, Ez dot moztuko bizarra taldearen postua, bidezko merkataritzako produktuak –Anelkarren eskutik– eta bestelako artisauen salmenta postuak izango dira. Hamaiketan egingo zaie aihertarrei ongietorria. Eta ordu berean, kukumarro edo txorimalo lehiaketara aurkeztu diren hiru kategorietako lanak ikusgai jarriko dituzte plazako iturri inguruan. Aurkezten den bakoitza arduratuko da kukumarroa ipintzeaz eta 13:00etan sari banaketa egingo da Herriko Plazan. Trekutz elkartean salda banatuko dute, 11:00etan. 12:00etan, txistularien eta trikitilarien kalejirak giroa alaituko du. 12:30ean, berriz, behi-jezte desafioa egingo da Zurrategi plazan. Aurten emakumeak izango direla protagonistak azpimarratu gura izan dute. Izan ere, emakumeek izan dute baserrian behia jezteko ardura hori. Hala, bi bikotek parte hartuko dute desafioan: Jaime eta Garazi Larrea antzuolarrek eta Enrike Pagoaga eta Eli Garai arrasatearrek. Hauxe da egin beharko duten lana: bi behi jetzi bost minutuko bi txandatan eta behiak aldatuz. "Baserri munduan lan hau egiteko ardura zutenak emakumeak izan dira. Horregatik, hau plazaratu eta erakutsi gura dugu", argitu du Garazi Larreak.

Behi-jezte desafioa, Zurrategin

"Desafio honen asmoetako bat behi-jeztea kalera ateratzea da", azaldu du Beñardo Kortabarria alkateak. Enrike Pagoagak Balentin Agirre Urruti-ren aurka afaria jokatu zuen. Jendez bete zen plaza hura ikusteko. Kontuan hartzekoa da bien bitartean Urruti hil egin zela, ezustean. Omenaldi kutsua ere izango du, horrenbestez".

Gaur, bertso jaia

Igor Elortza, Agin Laburu, Iker Zubeldia, Miren Artetxe eta Oihana Arana bertsolarien eskutik
bertso jaialdia egingo da gaur, egubakoitza, Torresoroa aretoan. Aurkezle eta gai jartzaile
lanak Alazne Jauregi antzuolarrak egingo ditu. Gaiak lantzen Antzuolako Sasibertsolaixak
ibili dira. Emanaldia 22:00etan da. Sarrera, 10 euro.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak