Aste bukaera osoan bezala, gaur ere lepo bete da Iturrpieko harmaila. Talde guztietako zaleek girotu dute goiza kantuekin eta instrumentuen doinuekin. "Arrasaten eskubaloia bizirik dagoela erakutsi gura izan dugu. Zaleak erakarri. Guretzat erronka handia izan da igoera fasea Arrasaten jokatzea. Lan handia, baina emaitza begi bistakoa da. Nahiz eta ez igo, helburua bete dugu", esan du bukaeran Ines Azpiazu presidenteak."Talde honek azken hiru urtetan egin duen lana ikaragarria izan. Bi igoera jokatu ditugu eta taldeak, urtez urte, bizirik mantentzen jakin izan du. Oso harro nago", esan du Patxi Gartzia entrenatzaileak.