Aitor Gorosabel: "Euskaraz ez bagenu abestuko, ez dakit iritsiko ginen heldu garen tokiraino"

Maider Arregi 2018ko mar. 21a, 13:27

Antzuolako Euskara sailak antolatuta, bigarren mahai ingurua egin dute. Oraingoan, euskarak musikaren esparruan izan duen eragina aztertu dute bi musikarik: Huntza taldeko Josune Arakistainek eta Su Ta Gar taldeko Aitor Gorosabelek. Iker Barandiaran kazetariak eta musika adituak gidatu du solasaldia.

Mahai gainean musika eta euskararekin lotura duten hainbat gai baina, belaunaldi ezberdinetako bi musikariak bat datoz abestiak euskaraz egin eta abestearen atzean sentimendua dagoela. Izan ere, bien ama hizkuntza euskara da eta modu naturalean intuizioz, euskaraz sortzen dutela azaldu dute. "Euskara nire ama hizkuntza da eta eguneroko bizitza euskaraz egiten dut; bai familiaz, lagunekin, ikasketetan... pentsatu gabeko hautua izan da euskaraz kantatzearena", azaldu du Huntza taldeko Josune Arakistainek.  


Ildo beretik, Aitor Gorosabel Su Ta Gar taldeko musikariak euskaraz egitearen hautuaz jardun du: "Nahi gabean izan zen, Guk heavya egin gura genuen eta ez genuen hizkuntzan pentsatu. Egia esan gazteleraz hasi behar ginen abesten. Lehen abestiaren letra, lagun batek egin zigun eta gazteleraz zen. Baina ezin izan nuen. Inolako aurreiritzirik gabe hasi nintzen gazteleraz abesten baina ezin izan nuen. Ohartu nintzen barrutik ez zitzaidala ateratzen".


Euskara balioan
Baina, euskaraz abesteak mugak jarri dizkie Su Ta Gar eta Huntza musika taldeen ibilbideei? Ala ez dute aparteko eraginik bizi izan? "Hemendik kanpo ez zaituzte ulertzen eta barrera bat izan daiteke, baina ez du zertan",  dio Arakistainek. "Profesionalki mugatzen zaitu merkatua ere txikia delako; baino agian gazteleraz edo ingelesez hasiko bagina ez dakit heldu garen lekuraino iritsiko ginen", nabarmendu du Gorosabelek.


Gorosabelek azaldu zuen sasoi hartan heavy musika entzuten zutenak erdaldun gisa identifikatuak zeudela eta punk jarraitzaileak, aldiz, euskaldunekin lotzen zirela. "Heavya entzuten zenuela esatea ez zegoen ondo ikusia. Eta Su Ta Gar taldeak hori apurtu egin zuen", kontatu zuen iker Barandiaran kazetariak.
Musikariak, bi belaunaldi ezberdinekoak izanda, musika entzuteko euskarri eta modu ezberdinak ere izan zituzten. Hala, diskoez, LPez edota egungo gazteek egiten duten gustuko abestien nahasketen gainean berba ere egin zuten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak