Eskolei baliabide gehiago eta autonomia handiagoa eman behar zaiela ondorioztatu dute Antzuolako jardunaldian

Larraitz Zeberio Lekuona 2018ko ots. 17a, 15:55

Berezia da Antzuolako eskolako hezkuntza eredua. Sozio-konstruktibismoan oinarritua 30 urteko ibilbidea egin du eta aditu askoren interesa piztu izan du. Gaur, hainbat aditu eta aritu elkartu dira Antzuolako EH Bilduk gaiaren inguruan Torresoroan antolatu duen bi ordu eta erdiko jardunaldian.

60 bat lagun elkartu dira eta tartean ziren Antzuolako eskolan irakasle, guraso zein ikasle izandako hainbat lagun. Proiektua martxan jarri zeneko garaiak izan dituzte hizpide, eta lan dinamika hura martxan jartzea posible egin zuten faktoreak zeintzuk izan ziren aztertzen saiatu dira. Aurrera begira ere jarri dira Hik Hasiko Xabier Sarasuaren eta Legebiltzarrean EH Bilduko hezkuntza arduradun Rebeka Uberaren eskutik.

"Jende dezente elkartu gara eta ikusten da Antzuolan badagoela gai honekiko sentsibilitate berezi bat. Ikuspuntu ezberdinak agertu dira eta uste dut nahiko jardunaldi mamitsua izan dela", azaldu du saio amaieran Antzuolako hezkuntza zinegotzi Mikel Bargielak.

Esperientzia eredugarria

Bai Sarasuak bai Uberak eredugarritzat jo dute Antzuolako hezkuntza eredua. "Eredu honetatik asko dugu ikasteko", esan du Sarasuak. "Lortu zuten desadostasunak alde batera utzi eta elkarrekin proiektu bat eraikitzea. Hori, gainera, kanpoko iturrietatik edan baina bertakoa eraikitzeko... Hori edozein lekutan egiteko gaitasuna eduki dezakegula uste dut".

Antzuolako eredua bikaina dela esan du Uberak. "Hezkuntza gizartea eraikitzeko tresna bat da eta horrek eskatzen du guztion inplikazioa. Gaur moduko dinamikak auzo eta herri guztietan egin behar direla uste dut; izan ere, arazoak eta erronkak ez dira bakarrik eskolarenak. Azken urteotan gertatzen ari dena da ditugun arazo guztiak eskolaren gain uzten ditugula eta herritarren inplikazioa ezinbestekoa da".

Erronka berriak hezkuntzan

Gaur egun hezkuntza sistemarekin lotuta dauden erronkei aurre egiteko Hik Hasitik antolaketa eredu berri bat proposatzen dutela esan du Sarasuak. "Finantzazio eta kontrol publikoa behar ditugu, baina eskolek askoz ere autonomia gehiago eduki behar dute nork bere hezkuntza proiektua eta bere barne antolaketa diseinatzeko. Herri mailako eragileen partaidetza eta koordinazioa ere ezinbestekoak dira".

EH Bilduko Rebeka Uberaren ustez premiazko erronkak dira kohesio soziala, aukera berdintasuna eta inklusioa ziurtatzea. "Garaiak aldatu dira baina iraganeko politikekin ari gara erantzuna ematen eta hori ezinezkoa da.  Hezkuntza komunitate oso aurreratua eta aberatsa daukagu. Administrazioaren aurretik doa, baina ikastetxe eta hezkuntza komunitate horiek baliabideak behar dituzte".

Borondate politikoa eta giza baliabideen egonkortasuna aldarrikatu ditu batez ere Uberak. "Proiektuak aurrera ateratzeko, berritzeko eta horiei jarraikortasuna emateko ikastetxeek irakasle finkoak behar dituzte".

 

 

Erlazionatuak

Hezkuntza jardunaldia Antzuolan

Larraitz Zeberio Lekuona 2018 ots 17 Antzuola

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak