Beñardo Kortabarria alkateak aurtengo inbertsio nagusiena pertsonengan egingo dutela azaldu du eta Gizarte-ongizate sailera diru partida garrantzitsua bideratu dute. Bideberri mankomunitatera 172.700 euro bideratuko dituzte. "Iaz konturatu ginen gizarte larrialdietarako diru-laguntza ekarpena eskasa zela. Beharrak estaltzeko ez ginen iristen; eta jendea hil bukaerara iritsi ezinda ibiltzea ez zela normala. Hala, Bideberri mankomunitatearekin adostu dugu inbertsio indartsua egitea aurten", azaldu du alkatea. Adostu duten hainbat gairen artean, drogamenpekotasuna lantzeko programa dago, adibidez.
Askotariko inbertsioak
Egingo dituzten bestelako inbertsio nagusien artean landa eremuetako bideak konpontzea, hainbat auzoetako asfaltatze lanak egitea edo hilerriko txukuntze lanak egitea jasotzen ditu aurrekontuak: "Herriko hainbat kaleko zoladura konponduko dugu eta baserri bideetarako ere diru partida indartsua bideratu dugu aurten: 30.000 euro". Euskararen arloan, 79.180 euro bideratuko dira Zergatik euskaraz, mahai inguruak antolatzeko eta gaztetxoei bideratutako Eskola proiektua lantzeko. Nobedadeen artean, aipatu, Dantza jardunaldiak eta Trikitixa eguna egingo direla –5.000 euro–.
Parte-hartzea sustatuz
2018a aurrera begirako urtea izango dela dio alkateak; herritarrek, nora joan nahi duten erabakitzeko eta oinarriak jartzeko urtea dela azaldu du: "Parte-hartze prozesuak jendearen beharra izango du eta gurako nieke herritarrei hemendik eskatzea parte hartzeko. Iritzia eman zein elkarbanatzeko eta nolako Antzuola egin gura dugun denon artean erabakitzeko". Izan ere, parte-hartze prozesutik irtengo baita, besteak beste, Narruolarekin zer egin daitekeenaren erabakia.
Pertsonak ardatz
Aipatu bezala, pertsonengan egin gura izan dutela inbertsioa dio Udal Gobernuak: "Zuhurtziaz jokatu gura izan dugu eta inbertsio txikiak egin ditugu. Izan ere, irailetik aurrera, parte-hartze prozesutik irteten denarekin aurrera begirako plana edukiko baitugu". Izan ere, 40.000 euro inguruko kreditu globala dauka Udalak.
Egia da egin gabe daudela iazko bi inbertsio handi: ura baserrietara eramatearen eta komun publikoak jartzearena. Baina horrek ez du esan nahi ez direla egingo. 2017a ez da erreza izan. Industrialdearen proiektuan denbora eta ahalegin asko geratu dira bidean. Zubia konpondu behar izatearena ere ez genuen espero; ezta ere futbol zelaiko aldagelak. Aurten egingo dira atzean geratutako proiektuak".