Arrola Mendizale Elkarteak aspalditik hartu du bere gain udalerriko iturri esanguratsuenak –Uzarragakoa, Lizarragakoa, Kaxetakoa...– garbitzeko eta bertako ura edangarri bihurtzeko konpromisoa. Hain zuzen, iturriok hainbat belaunalditan izan duten funtzioari eustea lortuko litzatekeela azpimarratu dute Arrola taldeko kideek. Hala, iturriok ez daitezen gal, Arrola elkarteko kide nahiz antzuolar askok parte hartu dutela azaldu du Iñigo Ramirez de Okarizek, Arrolako kideak.
"Antzuolako iturri esanguratsuenak berreskuratu gura ditu Arrolak. Ildo horri jarraituz, aurtengo ekitaldian, iturri guzti horien jarraipena eta egokitzapena egin nahi dugu Arrolako kideok. Lehendabizi, Kaxeta iturriarekin hasi gara, aspaldi honetan garbitu beharra zeukan eta", azaldu du Arrola elkarteko kideak. Kaxeta iturria abenduan garbitu zuten, eta, egindako lanei esker, bertako ura edan daiteke. Baina ez da edonolako ura: "Burdin- ura dakarren iturria da. Orain, erabilgarri dago eta edangarria izan dadin lan egin dugu", gaineratu du.
Trenbiderako sarbidea
Azpimarratzekoa da azken urteetan trenbideak ibiltarien eta mendizaleen artean hartu duen ospea. "Hori ikusita, antzeman dugu, agian, beharrezkoa dela Kaxeta iturrirako beste sarrera bat trenbidetik bertatik egitea. Eta, hain zuzen ere, hurrengo fasean, trenbiderako bide hori txukundu, garbitu eta egokitu egingo dugu", kontatu du. Lan horiek udaberri bitartean egin gura dituzte Arrolako kideek. Auzolana oinarri, hortxe da, herritar ororendako, auzolanean parte hartzeko Arrolaren proposamena. Herritarren ondare "Pena da iturri hauek hainbat belaunalditan izan duten funtzioa galtzea. Beraz, helburua ere bada Antzuolak duen natura ondare hau berreskuratzea eta herritarrei jakinaraztea".