Komunikazioan, enpresan, gizartean, musikan eta antzerkian euskarak daukan eragina eta garrantzia aztertuko dituzte. Horretarako, baina, mahai inguruak egingo dituzte 3-4 hilean behin Antzuolan. "Zergatik euskaraz? Galderaren bueltan antolatu dugu mahai inguru sorta. Euskaraz lan egitea, euskarazko musikagintza, euskaraz bizi edo hitz egitea, euskaraz antzeztearen zergatia eta, azkenik, euskara kazetaritzan landu gurako genituzke. Urtaro bakoitzeko bat, hain zuzen ere. Saio guztiak Torresoroa aretoan egingo dira eta herritarrendako, noski, saio guztietarako ateak irekita egongo dira", argitu du Euskara zinegotzi Jon Ugarteburuk.
Enpresen esperientzia, lehena
Hala, lehen mahai ingurua abenduaren 12an, martitzena, egingo dute Torresoroan, 18:30ean hasita. "Lehen saioa euskararen arloan lanean diharduten enpresa antzuolarrekin abiatuko dugu. Hala, Goizperko, Matz- Errekako eta Elayko esperientzia ekarriko dugu mahaiaren bueltara. Izan ere, aipatutako enpresek egindako euskara planen eraginaren gainean berba egingo dugu eta azalduko diegu herritarrei plan horrek nola eragin duen langileengan", argitu du Euskara zinegotziak.
Domekan, Euskararen Eguna
Iazko esperientzia oso arrakastatsua izan zela azaldu du eta adin ezberdinetako antzuolarrek bat egin zutela azpimarratu du. Aurten ere, herritarrekin osatutako talde baten ideia garatu dute Euskararen Eguna ospatzeko: "Euskara batzordeko kide baten proposamenari helduz, herritar talde bat sortu dugu eta ideia hori garatzen lagundu digu taldeak. Lantaldeak Euskararen Egunaren baitan lan egingo du. Hala, domekan ekimenaren aurkezpena egingo dugu, 13:00etan, Zurrategin. Hamaiketakoa, bertso eskolako haurrak eta trikitilariak izango dira aurkezpenean".
Lanean jarraitu beharra
Orain artean egindako lanaren emaitza kalean ikustea ez dela horren erraza dio Ugarteburuk: "Epe motzegia da, baina urratsik garrantzitsuenetako bat da lantaldea sortu izanaren lorpena eta herritarrak bertako parte izatea. Izan ere, herritarren partaidetzarik ez baldin badago, Udalaren lana antzua izan daiteke. Etorkizunera begira esperantza ematen du-eta lantaldearen sorrerak. Antzuola arnasgune da, baina erlaxatzeko arriskua dauka eta lanean jarraitu beharra dago".