Herriko jaietan lehen hazia erein bazuten ere, indartsu dator Antzuolako brigada feminista. Herrigintzatik sortutako taldea da Andramanuelak, eta lehenengoz hartu dute azaroaren 25a, Indarkeria Matxistaren Kontrako Eguna, antolatzeko ardura ofizialki. "Berez, taldearen sorrera iazko herriko jaietan dago. Izan ere, borroka feministak presentzia izan zezan, emakume talde bat batzen hasi zen jaietan. Eta helburu berbera mantenduz elkartzen jarraitu dugu aurten ere", azaldu du Andramanuelak taldeko kide Idoia Ramirez de Okarizek. Ikuspegi feminista herrian zabaltzeko helburuarekin jaio dela Andramanuelak emakume taldea gaineratu du Ramirez de Okarizek. "Herritarrei begira eta herrigintzan lantzeko beharra egon bazegoela identifikatu genuen. Ikuspegi feminista Antzuolako herrian zabaldu gura izan dugu modu horretan".
Eraso sexistarik ez
Iazko iraila ezkero presentzia izan dute herrian egindako hainbat ekintzatan parte hartuz: "Ekintza txikien bitartez, presente egon gura izan dugu. Esaterako, hamabostean behin elkarretaratzeak egin izan ditugu Zurrategiko plazan. Soilik emakumeon elkarretaratzea izan ohi zen, nolabait, ikustarazteko espazio hori emakumeok okupatzen genuela; eta salatzeko egunerokotasunean gertatzen ziren askotariko erasoak. Horrez gain, herrian badaukagu txoko bat, koadro bat, eta bertan aldarrikapen ezberdinak jartzen joan gara", argitu du. "Aurtengo uztailean, aldiz, lortu dugu aurreko urteko protokoloa garatzea eta taberna eta herrian banatzea. Eta, nola ez, emakume talde potente bat batzea ere lortu dugu". Eta orain, azaroaren 25aren baitan, ez dutela inolako eraso matxistarik onartuko ozen esateko aukerari ez diote uko egingo Andramanuelak taldeko kideek. Esan behar da taldeak behar zuen bultzada eta babesa jasotzeko Antzuolako Udalaren laguntza izan dutela. "Oso pozik gaude Antzuolako Udalak emandako erantzun positiboarekin. Hasieratik izan du emakume taldeak onarpena eta oso eskertuta gaude, noski", azaldu du Naiara Fernandez kideak. Emakumeen aurkako indarkeria salatzea dutela orain helburu nagusi azpimarratu du: "Une honetan indarkeria matxista ozen salatzea dugu helburu; baina aurrera begira –zehaztu gabe dagoen arren– bestelako helburuei ere helduko diegu".
Azaroak 25: egitaraua
Bihar, Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguna ospatzen hasiko dira antzuolarrak, Txabela Bargas antzezlanarekin, 18:30ean, Herriko Plazan –euria balego, Torresoroan–. 19:30ean, aldiz, elkarretaratzea egingo dute plazan, Biolentzia matxistak milaka aurpegi ditu lelopean, eta, ondoren, musika izango da protagonista poteo musikatuaren laguntzarekin. Herriko gaztetxeak ere ateak zabalduko dizkio indarkeria matxistari aurre egiteko. Hala, 21:30ean luntxa egingo dute bertaratzen direnek. Gau giroa berotzeko, berriz, kontzertua izango da Atzoko Ogixa taldearen eskutik, 22:30ean hasita. Eta aldarrikapenez osatutako egunari bukaera emateko, karaokea egingo dute herriko gaztetxean.