Jon Kortabarria: "Mahastien kalitatean hobekuntzak izan dira"

Maider Arregi 2017ko uzt. 21a, 10:08


Neiker-Tecnalia Nekazaritza, Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundean eginiko Doktoretza tesia uztailaren 5ean defendatu zuen Jon Kortabarria biologo antzuolarrak, Leioan. Oiongo Zuazo-Gaston upeltegiaren mahasti batean bost urtez garagarrezko landare-estaldurak aztertu ditu.

Tesian mahatsondoen egoera hidrikoan, hazkuntza begetatiboan, ekoizpenean eta muztio zein ardoaren kalitatean estaldurek duten eragina jaso du Kortabarriak. Horretarako, goldatzez mantenduriko lurzoru biluzia eta landare-estaldurak konparatu ditu mahastiko bi zonalde desberdinetan: Lurzoru geruza lodia duen sakonune bat eta maldan kokaturiko lurzoru meheago bat.


Zure tesian Arabako Errioxako mahastiak eta landare-estaldurak dira ardatz; zergatik erabaki duzu gai hau lantzea?
Arabako Errioxako mahastietan lurzoruaren uragatiko higadurak arriskuan jartzen du mahastien emankortasuna epe luzean. Neikerren hasteko aukera sortu zitzaidanean, han lanean ziharduten ildo horretan. Hala, horren inguruko proiektuan murgiltzeko aukera izan nuen. Gaiak lotura zuzena du ingurumenarekin eta iraunkortasunarekin, berez, landare-estalduren jomuga higadura murriztea delako, nahiz eta funtsezkoa den ikustea estaldurek mahatsondoengan duten eragina lurzoru-mota desberdinetan. Izan ere, mediterraneoko klima duten lekuetan, landare-estalduren erabilera ez da hedatu, uragatik gehiegi lehiatu dezaketelako. Testuinguru horretan, interesgarria bezain garrantzitsua da ikustea zein eragin duten estaldurek mahastietan, mahastizainek horien erabileraren onurak eta desabantailak ezagutu ditzaten eta kasuan-kasuan estaldura motak eta horien maneiua mahastietara egokitu ahal izan ditzaten.


Klimak eragina izango du ezta?
Bai, noski. Higaduran paper garrantzitsua du klimak. Mediterraneoko mahasti lurzorua landarerik gabe mantentzen da zikloaren zatirik handienean, biluzik. Eskualde horietan, euria denbora tarte laburretan eta modu indartsuan egiten du sarri, higadurarekiko sentikortasuna handituz. Gainera, egindako lanaren kasuan, azterketak iraun dituen bost urteetatik bitan lehortea izan da. Horrenbestez, egoera oso lehorretan estaldurek duten eragina ikusi ahal izan da. Arabako Errioxako klimak ez du zer ikusirik Kantauriko bailaretan dugun klimarekin, ura mugatzailea da han; mahastizainek arduraz jokatu behar izaten dute ureztatze-txandak errespetatuz eta Errioxa Jatorri Izendapenaren arauetara moldatuz. Estaldura mota eta maneiua baldintza horietara moldatzen asmatzea oso garrantzitsua da. Baita mahastizainak teknika modu egokian erabiltzera animatzea ere.


Mahatsondoen hazkuntza aldatzen da orduan?
Lurzoru sakonean hori ikusi da, inausketako egurraren pisuan oinarrituz. Landare-estaldurek, mahatsondoen hazkuntza begetatiboa txikitu dezakete. Horrek eragina izan dezake ardoaren osaeran; batetik, landarearen atal begetatiboen eta mahatsaren artean fotosintetizatu edo azukreen banaketaren oreka aldatu daitekeelako; bestetik, eguzki-argiaren eragina garrantzitsua delako mahatsaren heltzean, batez ere, kolorearekin erlazionaturiko osagaietan. Mahatsondoaren ziklo-amaieran ur gutxiago behar dute landareek eta horrek heltze-sasoian gehiegizko ur-estresa saihesten lagundu dezake.


Beraz, kalitatea hobea da?
Hobekuntzak ikusi dira, azukre kontzentrazioa handitu daiteke estalduren eraginez eta kolorea ere hobetu daiteke. Hala ere, lurzorua sakona den lekuan ikusi da hori batez ere. Beraz, estaldurek lagundu dezakete kalitatea hobetzen, baina ezin da hori mahasti guztietara orokortu.


Nolako ezaugarriak ditu?
Tesian azterturiko mahatsa Tempranillo barietate beltza izan da; Errioxako mahats-barietate nagusia da hori. Ezaugarriak aldatu egiten dira, erabiltzen den mentagaia, gidatze-sistema eta beste zenbait aldagairen arabera eta ardoa egiteko prozesuaren arabera. Nolanahi ere, tesian azterturiko ardoa esperimentala izan da, eskala txikian egina eta ondu gabea. Oro har, eskala txikian aztertzeko eginiko ardoak, % 13-14 inguruko alkohol bolumena, tartarikoan emandako 4-6 g/L inguruko azidotasun osoa eta 4 inguruko pH-a zituen.


Eta ardoaren ezaugarri sentsorialei nola eragiten diete estaldurek?
Hiru urtetako (2010-2012) ardoekin dastaketak egin ziren. Orokorrean, mahats ekoizpena eta mahatsondoen indarra txikiagoak ziren zonaldeko ardoak puntuazio hobea lortu zuen dastaketa horietan. Honela, puntuazioa eta kalitate kimikoan azterturiko aldagaiek harreman egokia zuten bi lurzoru motak aztertzean. Edonola ere, landare-estalduren eragina ez zen hain nabarmena izan dastaketetan. Urte bakarrean lortu zuen landare-estalduradun maneiupean eginiko ardoak puntuazio hobea, lurzoru sakonaren kasuan soilik. Nolanahi ere, laborategiko kalitate adierazleek hobekuntzak erakusten zituzten, nahiz eta hori dastaketetan ez ikusi hain modu argian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak