Eskola handitzeko lehen urratsak eman dituzte

Maider Arregi 2017ko mar. 10a, 10:56

Asmoa da 2017rako Herri Eskola handitzeko proiektua eginda eta esleituta egotea; hala, 2018ko lehen sei hilabetean hasiko lirateke eraikinaren obrak eta urtebeteko epean amaituta egotea aurreikusten du Antzuolako Udalak.

Udalaren eta Hezkuntza sailaren arteko lankidetza hitzarmena onartu zen aho batez martitzeneko osoko bilkuran. Modu horretan, Haur Eskolen partzuergoak Antzuolako eskolak duen eraikina erabiliko du beste bost urtetan.


Baina Antzuolako Herri Eskola egun txiki geratu da eta behar hori asetzeko bestelako urratsak ere ematen hasia da Udala. "Otsaila hasieran Jaurlaritzako Hezkuntzako Eraikuntza saileko teknikariak egun duten proiektua aurkeztera etorri ziren. Oraindik guztiz amaituta egon ez arren eta oraindik aldaketa batzuk izango dituen arren, proiektua aurreratuta daukate eta udara baino lehen proiektu-base bat –xehetasunak gora behera, behin betikoa gertu izango duen proiektua– egina izango zutela esan ziguten", azaldu du Hezkuntza zinegotzi Mikel Bargielak. Izan ere leku-arazo honi irtenbidea emateko asmoa da egun gela aurrefabrikatuak dauden lekuan bi pisuko eraikin bat egitea. "Eskolako eraikin osoari lauki forma emango dion bi pisuko eraikina egitea da asmoa".


2018an handitze lanak  
2017an proiektua bukatu eta eraikuntza lanak esleitzea aurreikusten du Antzuolako Udalak. "2017an ere, Udalak eraikitzeko behar diren arau aldaketak egin eta onartu behar ditu", argitu du Bargielak. Hala, eraikuntzako obrak 2018an hasiko lirateke. "Lehenengo sei hilabetean hasiko lirateke eta urte bete ingurukoak –dena ondo badoa– izatea espero dugu".


Arau aldaketa  
Esan bezala, eskola handitzeak egun gela aurrefabrikatuak dauden espaloi gunean –Sagasti aldean– eraikitzea eskatuko du. Horregatik arau aldaketa onartu beharrekoa da gune horretan eraiki ahal izateko. "Aldaketa egiteko obraren proiektu guztiz definitiboa behar ez bada ere, proiektu-basea edo nolabait esateko neurri perimetralak behintzat ezagutu behar dira, aldaketa nolakoa den ezagutu eta gunearen kudeaketa zehazteko".


Metodologiari jarraipena  
Eskolak duen irakaskuntza metodologiaren jarraipena bermatzea gura dutela ere azaldu du. "Kontuan hartu behar da metodologia hau ezarri eta landu zuten– eta lantzen ari diren– irakasle asko erretiratu direla. Egin duten lan guzti hau ez galtzea da helburua eta metodologiari jarraipena ematea".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak