Herri galdeketa antolatzeko metodologiari buruz solasean Antzuolan, Gure Esku Dagok antolatuta

Maite Txintxurreta 2016ko ots. 17a, 11:44

Gure Esku Dago ekimenak antolatutako solasaldia egin zuten atzo arratsaldean Antzuolako Olaran etxean. Iñigo Urrutia abokatua eta EHUko irakaslea gonbidatu zuten, eta hark independentziari buruzko herri kontsulta bat aurrera eramateko metodologiaz argibideak eman zituen bertan bildutakoen aurrean.

Urrutiaren solasaldia hasi aurretik, Azpeitiatik etorritako bi lagunek euren herrian abian daukaten prozesua azaldu zuten, sarrera modura. Horren ostean, Urrutiak hartu zuen hitza. Hark, herri kontsulta bat antolatzeko prozesua zortzi pausutan egiten dela azaldu zuen.

Lehenengoa batzorde sustatzailea eratzea izango litzateke. Bigarrena, sinadura bilketa bat antolatzea. Antzuolaren kasuan, 218 sinadura lortzea izango litzateke erronka, hau da, biztanleriaren ehuneko hamarra, Gure Esku Dagoren protokoloak adierazten duen moduan.

 Horren ostean, dokumentazio eta intendentzia gaiak landu beharko lirateke, hau da, galdeketaren memoria osatu, behin behineko aurrekontua landu edota berme batzordea eratu, besteak beste. Ondoren, laugarren pausua galdeketarako deialdia lantzea izango litzateke, eta hortik aurrera, kanpaina, boto aurreratua, eta azkenik, zortzigarren puntua, galdeketaren eguna etorriko lirateke.

Etorkizuna herritarrek erabakitzea

Herri batzuetan honezkero egin dituzte galdeketak, esaterako Arrankudiagan edota Usansolon. Herriz-herri antolatutako kontsulta horiek, Urrutiaren esanetan, Euskal Herri mailako galdeketa helburu  duen prozesu kolektibo baten parte dira.

Iñigo Urrutiak bere solasaldian Kataluniako edo Esloveniako adibideak aipatu zituen, eta herrialde horietan garatutako herri ekimenak eredugarritzat hartu zituen.

Urrutiak azpimarratu zuen Gure Esku Dagoren prozesu honen abiapuntua dela euskal herritarrei dagokiela euren etorkizuna erabakitzea, eta prozesu horren ardatza herritarren ekimena izan behar dela, ekimen zabal eta integratzaile bat, irakaslearen esanetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak