Hirurogehi pertsonatik gora batu zen atzo arratsaldeko zazpietan Olaranen Untzurruntzagaren hitzaldia entzuteko. Gaur egun munduan gertatzen diren pertsonen migrazioak izan zituen hizpide. Nabarmendu zuenez, duela pare bat urtera arte etorkinen kopuruak goranzko joera bazuen ere, krisiaren eraginez berriro ere behera egin du Gipuzkoa mailan. Antzuolan bertan ere joera bera ikus daitekeela azaldu du.
Migrazioak, baina, ez dira soilik kanpotik datozen pertsonenak; azken urteotan bereziki, bertako gero eta jende gehiagok beste herrialde batera emigratzera behartuta ikusten du bere burua.
Errefuxiatuen gaia
Olaranen bildutakoek egin zituzten galderen artean, errefuxiatuen gaia atera zen. Untzurruntzagak nabarmendu zuen, hasieran komunikabideetan ikusitako irudiek gaiarekiko interesa eta kontzientzia piztu zutela gizartean. Hala ere, Espainiako Gobernuak oraindik ez duela errefuxiaturik jaso azaldu du, eta berak uste duenez, hori lehenbailehen egin beharko litzateke.
Hizlariak aipatu zuenez, gaur egun oraindik ere etorkinekiko aurreiritzi asko dago gure gizartean, eta sarritan arazoen etnifikaziora jotzen dugula azaldu du. Horren harira, esan zuen kontuan izan behar dela Europarrak direla historian zehar gehien emigratu dutenak.