Zer eskaini diezaiokezu zure herriari?
Ilusioa, lan talde on bat, talde lana egiteko aukera eta lana egiteko borondate eta gogoa eskaini diezazkioket Antzuolari.
Zure lagunek zer esan zizuten alkategai izango zinela esan zenienean?
Gehienak eskua eman zidaten; baten batek ez zela harritzen esan zidan eta besteren batek ere sorpresa hartu zuen.
Baduzu koadrilan zu beste busti den lagunik?
Koadrilako Mikel Larrea, Antzuolako alkate izan zen duela urte batzuk eta koinatua ere, gurekin koadrilan ibiltzen dena, zinegotzi izan da hainbat urtez. Politikan baino, udal herrigintzan ibilitakoak badaude, oraingo zerrendan ere bakarren bat badator.
Eta, etxean? Zer esan dizute etxean?
Etxean baiezkoa eman aurretik, emazte eta seme-alabekin hitz egin nuen. Erantzun garbirik ez zen egon, alde batetik baietz, bestetik ezetz… baina aurkeztuz gero lagundu eta babestuko nindutela esan zidaten.
Etxekorik izan duzu inoiz udal politikan edo bestelako ardura politikoetan?
Aita, Jose Mari Kortabarria, zinegotzi izan zen urte pila batean; lehenengo udal demokratikoan, eta, aurretik ere, Francoren garaian. Francoren aldeko bat jarri behar zuten, eta nire aita hari aurre egiteko aurkeztu zen.
Aholku emailea zara?
Ez naiz bereziki aholku emailea, baina norbaitek eskatuz gero eta ahal badut, laguntzen saiatzen naiz.
Eta kanpokoen aholkuak onartzen dituzu?
Onartzekoak bezalakoak direnak gutxienez bai; batzuetan bai, beste batzuetan ez; entzun, baina, beti. Gero, baloratu… askotan zuri bururatzen ez zaizkizun ideiak oso ondo etortzen dira.
Aisialdian zer egitea duzu gustukoen?
Niri lagunekin egotea asko gustatzen zait, oso kalezalea naiz, koadrilan ere oso kalezaleak gara. Horrez gain, bizikletan ibiltzea ere asko gustatzen zait; orain izorratuta nago eta denboraldi bat noa ibili barik baina afizio handia dut. Argazkilaritza eta irakurketa ere gustuko ditut, etengabe irakurtzen dut.
Eta norekin?
Gehien bat koadrilakoekin eta etxekoekin. Semearekin ziklismoaren munduan murgilduta nabil eta oso ondo pasatzen dut, dagoen lagun arteko giroa oso polita da.
Kasu egiten diezu komunikabideei? Jarraitzen dituzu?
Etxean Berria hartzen dut; gainerakoak, gustuko ez ditudanak ere, tabernan irakurtzen ditut. Interneteko atariak ere bisitatzen ditut: euskarazkoak, noski, Argia, Goiena… eta beste hainbat.
Lana Usurbilen egiten dut, beraz askotan irratia entzuten dut. Lan kontuengatik ere asko bidaiatzen dut eta irratia gogoko dut. Etxean, ostera, Internet eta egunkari gehiago. Egunkaria eta liburuak, baina, paperean gustatzen zaizkit. Telebista ere ikusten dut, zabor-programetatik hasi eta debateetaraino; kirolak… askotan etxera heldu eta sofan jarrita nagoenean ez diot askorik eskatzen telebistari, entretenitzea bakarrik. 18 urtez telebistan lanean eman ditut eta gauza txarrak ikusten ere asko ikasten da.
Noiz informatzen zara?
8:30ak inguruan Usurbilen egoten naiz, beraz 7:00etako albistegia entzuten dut eta noiz behinka etxean gosaltzen nagoela ere Interneteko albisteak irakurtzen ditut.
Zure herriko ze aldatuko zenuke bihar bertan, zure esku balego?
Hamar urte nituenetik entzun izan da igerilekua egin behar zutela; hori hainbat eta hainbat udal hauteskundeetako programan ikusi da eta nik gustura jarriko nuke herrian igerileku bat. Baina gaur egun badakit administrazioaren egoera ekonomikoarekin eta Diputazioarenarekin eta irizpideekin zaila izango zela. Hori bai, loteria tokatuz gero… Gustura konponduko nuke autobidearen zatia, eta gaur egun bistan dauden AHTko zubiak ere urte batzuk atzera egin eta berriro estali, mendia bere horretan utzi; barita magiko bat izanez gero.
Nola moldatzen zara gaztelaniaz? Eta, ingelesez edo frantsesez, egiten duzu?
Kostatu egiten zait, baina moldatzen naiz; txipa aldatu beharra izaten dut. Gazteleraz asko irakurtzen dut eta ondo hitz egiten dakit, baina kostatu egiten zait; euskaraz bizi naizenez, txip aldaketa hori egin behar dut. ETBrako Teknopolis saioa egiten dut eta euskaraz eta gaztelaniaz egiten ditugu saioak, beraz, burmuina horretara moldatuta dut, baina… hitz egiten dut eta ulertzen dut. Frantsesa sasoi batean ondo hitz egiten nuen. Ingelesari dagokionez, irakurtzen apur bat ikasi dut, zentzua hartzen diot baina ez dakit ondo hitz egiten. Gaztetan joan izan gara Ingalaterrara batere ingelesik jakin barik koadrilako batzuk, eta moldatu ginen, beraz…
Liburu bat oparitzekotan, zein izango zen?
Jon Etxaideren Joanak Joan, niri asko gustatzen zait; jendeari ez zaio gustatzen, beraz, ez dakit oso opari ona den, baina nik hori egingo nuke.
Zure etxetik gertu zer dago egoera txarrean edo konpontzeko premia duena?
Esandako autobidearena. Baina bestela, gaur egun egoera sozioekonomikoa kontutan hartuta, elkartasuna eskatuko nuke. Kezka eragiten dit norbera ondo bizi izatea eta ondokoa txarto egonda lasai bizitzea; bi mailako herritarrak sortzearen arriskua ikusten dut eta iruditzen zait ez dela zilegi. Apur bat danetik dugunoi elkartasun puntu bat falta zaigula pentsatzen dut.