Antzuolako eraikin eta espazio publikoen aurre-diagnosia abian da

Maider Arregi 2014ko urr. 7a, 12:14

Herriko eraikin eta espazio publikoen erabilera hausnartzeko eta aztertzeko prozesua abiatu du Udalak. Asmoa, baina, herritarren parte-hartzearekin egitea da. Eraikinak eta espazioak zein egoeratan dauden, ze erabilera duten eta nola egoki daitezkeen herritarren premietara aztertu gura da. Izan ere, asmoa da horien erabilera egokia eta funtzionamendu egokiagoa bideratzea.

"Hauteskundeetan eta legegintzaldi hasieran agindu genuen gauza bakarra da. Izan ere, herrian sumatzen da herritarrek ez daukatela garbi herriarena zer den. Aurrekontuen gaineko parte-hartze prozesuan gai honek kezka sortzen duela ikusi genuen", dio Ima Beristain alkateak. Horregatik, orain teknikoak eta politikoak elkarrekin, aurre-diagnosi bat egiten dihardute gero, herritarrekin lantzeko. "Iraila eta urria bitartean diagnosia egingo dugu; azaroa eta abenduan, aldiz, herritarrekin partekatuko dugu", gaineratu du.
"Herriko gune guztiak aztertuko dira; batzuk ez ditugu ukituko, baina azalpena emango diegu herritarrei, jakin dezaten ze erabilera duten. Olaran, esaterako, erabilera handiena duen eraikina da. Publikotasuna indartu edo pribatuari lekua egin arautuko dugu herritarrekin".

Udaletxeko irisgarritasuna

Udaletxeko irisgarritasun lanek daukatela lehentasuna azaldu du Beristainek. "Jende askorendako ezinezkoa da bulegoetara etortzea. Horregatik, sarrera egokitu behar dugu eta igogailua jarri. Hori ez da aukera bat, derrigorrezkoa den beharra da".

Diagnosi teknikoa

Hirigintza teknikari Valen Monuxek azaldu duenez, espazio eta eraikin publikoen gaineko fitxa informatiboak egingo dituzte: "Udalaren eraikinen eta aisialdiguneen gaineko azterketa teknikoa egingo dugu. Bakoitza nolakoa den definituko dugu eta hauen ezaugarri teknikoa jasoko da fitxan". Ondoren, fitxa horietan jasotzen dena herritarrekin kontrastatuko da azaroan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak