Auzoko ekimenaren lehenengo hiru hilabeteen balorazio positiboa egin dute Antzuolan

Julen Iriondo 2014ko uzt. 10a, 14:12

Auzoko ekimenean parte hartzen duten lagunek Uzarraga auzora txangoa egin zuten eguaztenean, Joxe Mari Iturbe gidari zutela, bertako ingurune naturala, eliza, iturria eta historia ezagutzeko.

Maiatzean hasita, eguaztenero pare bat orduz (18:00etan) elkartzen dira kultura etxean auzotar eta auzokideak, euskaraz bizi diren herritarrak eta orain arte euskaratik aldenduta bizi izan direnak, jokoen bitartez oinarrizko hitz eta egiturak ikasten joateko. Tarteka, baina, bestelako ekintzak ere egiten dituzte, kultura etxetik kanpora.

"Egiten ari garena da Antzuolako talde eragileekin harremana sortzea, ekintza desberdinak egin ahal izateko, edo Joxe Marirekin egin dugun bezala, bere bitartez Uzarraga ezagutu ahal izateko, euskaraz, ahal den neurrian. Nahi duguna da Auzoko herriratzea, ez geratzeko beti gela itxi batean", zioen Maite Telleria dinamizatzaileak, eguazteneko ekintzaren nondik norakoak azaltzerakoan.

Sei-zortzi auzokide

Bizpahiru euskaldun eta sei-zortzi auzokide, hamar bat lagun elkartzen dira astero Auzokon. Ekimenaren bultzatzaile den Euskaltzaleen Topaguneak eta Antzuolako Udalak egin dute aurreneko hiruhilabeteko balorazioa, eta oso positibo jo dute orain arte egindako bidea. Baina jarri dute opor osterako erronka, emakume auzokideak erakartzea: "Emakume horiek etxeetan lan egiten dute edo, agian, ez daukate halako bizitza sozialik. Orduan, irailera begira, emakumeei dei bat egin behar diegu, eurekin batu eta ikusi interesik baduten, eta hala bada ordutegiz posible den ikusi, gizonezkoekin partekatu nahi ote duten...", zioen Telleriak.

Eta antzuolar gehiago animatzea ere nahi lukete. Probatu dutenak oso gustura daude. Herrian dagoen aniztasuna ezagutzeko aukera da haientzat ekimena, eta elkarren arteko zubi guztientzat. Datorren astean ere kalean ibiliko dira, herriko jaietako lehen egunean, festak elkarrekin bizi izaten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak