Arrandegian galdetuta, dagoeneko ohitura bihurtu dela ontziarekin joatea kontatu digu Abel Uribesalgok. "Ekimenak izandako erantzunarekin pozik nago. Izan ere, erabiltzaileen %70a ontziarekin etortzen da arrandegira. Gainera, norbaiti ahazten bazaio ontzia etxean, geuk dauzkagun urdin koloreko ontziak uzten dizkiogu. Gero bueltan ekartzen dute eta listo", dio. Izan ere, familia bakoitzari ontzi berde bat banatu zitzaion, eta urdin bat dendetan dute etxean ahaztuz gero, erabiltzeko.
Amaia dendako Amaia Lazkanori galdetuta, "erosoa eta garbia" dela kontatu digu. "Ondo doa ekimena; hasieran zalantzak sortu zitzaizkien erabiltzaileei; baina behin zertarako erabili behar zuten garbi izanda, ez da arazorik izan", azaldu du Lazkanok. "Plastikoaren erabilera arintzeko aukera ikusita, asko kontziente da orain ontziaren erabilera bultzatzeaz. Nire kasuan sasoiko produktuak plastikoan sartu beharrean, tuperrean sartzen dute".
Udalak balorazio positiboa
Udalak balorazio baikorra egiten du. Zero Zabor filosofiaren bidean beste pausu bat dela dio, hain justu helburua ahalik eta zabor gutxien sortzea delako. "Kanpaina honekin helburua hirukoitza da: erosotasuna eroslearentzat, kostuen txikitzea dendarientzat eta, noski, onura orokorra, hondakinak murriztuko dira-eta", dio Udalak. "Ontziak, poltsan sartu ahal izateko neurri egokia dute eta material birziklatuekin dago egina", dio Ekogunek.
Zozketa hilero
Antzuolan sustapen berezia egiten dute eta ontzien erabilera saritu. Hala, ekimenean parte hartzen dutenen artean 20 euroko erosketa txartela zozkatzen dute hilero-hilero. "Zozketa ideia ona da; jendeari gustatu zaio ekimena eta asko animatu dira bat egitera", kontatu du Abel Uribesalgok.