Lehenengo hileta zibila Zabalori agur esateko

Maider Arregi 2014ko eka. 11a, 12:02
Domekan, ekainaren 8an, egin zen Antzuolako lehen hileta zibila. Eskolako patioa lagun, senide zein herritarrez bete zen Jose Luis Zabalori azken agurra emateko. Hileta hunkigarria eta laburra izan zela kontatu digute bertan izandako lagunek.

Juan Ramon Garai, Zabaloren lagunak azaldu digunez, hileta hunkigarria eta laburra izan zen. "Hil aurreko egunetan eskatu zuen Zabalok hileta zibila izan nahi zuela; eta hala egin zaio, laburra eta hunkigarria izan da". Zapatuan, ekainaren 8an, hil zen  Jose Luis Zabalo 69 urte zituela. LKIko militante ezaguna izan zela gogorarazi digu Garaik: "LKI desagertu zenean, ere, militante izateari utzi zion arren, beti izan da ezkerreko pertsona".


Jose Inazio Garitanok ere ondo ezagutzen zuen Zabalo, eta gertukoa zuen. "Herriko gizona izan zen. Oso zabala zen, bere ondoan bizi izan gara betidanik, lagun handiak izan gara. Herritar asko gerturatu da eskolako patiora; lehen hileta zibila izatean, jendearen arreta ere piztu du. Uste dut jendeak ez zekiela hileta zibila egiteko aukera zegoenik Antzuolan", dio Garitanok.

Orain 4 urte arautua

Pilar Etxanizek gogorazi digu, aurreko legegintzaldian, zinegotzi zela, hileta zibilak arautzeko iniziatiba aurkeztu zutela orduko udal taldean. "Gizartea laikoa da eta udala erakunde moduan akonfesionala. Fededun katolikoek badute non egin azken agurra, elizan. Garrantzitsua dela uste genuen hildakoei agurra egitea eta bizitzaren zikloa ixtea. Baina erritual erlijiosoekin identifikatuta ez geundenok hutsune bat zegoela ohartu ginen", azaldu digu. Hala, hileta zibilak egiteko prozedura arautzeko bidea egin zuten. "Gure egunerokotasunean  ez daude horrelako ekitaldien erreferentziarik, eta oinarri bat utzi behar zela uste genuen", dio Etxanizek.

Udalean informazioa

Hileta zibila egiteko interesa duen edonork, udalera jo dezake informazio bila eta bertan, familiak adostu ditzake udalarekin lekua eta bestelako xehetasunak. "Eskolako patioan egin daitezke hiletak, baina familiakoek beste tokiren bat gura izanez gero, udalean adostu dezakete; baita ordua ere. Beharrezko dokumentazioa eta xehetasunak edonork dituela eskura azpimarratu nahi dut", nabarmendu digu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak