2013an Antzuolako Udalak Elkarbizitza prozesua jarri zuen martxan, 2012ko parte-hartze prozesuan herritarrek egindako eskaerari erantzuteko asmoz.
Bertan garatutako ekintza batzuk jada martxan daude; AISA programa, adibidez. AISA etorkinak euskarara hurbiltzeko egitasmo bat da eta 13 etorkinek hartzen dute parte gaur egun. Baina beste batzuk martxan jartzen ari dira, adibidez, atzo arratsaldean aurkeztu zuten Auzoko egitasmoa herrian.
Auzoko, Topaguneak eta EUMAk sortutako programa da eta euskara modu ludiko baten ikasteko eta komunikatzeko egitasmo bat da. Hiru helburu hauek ditu: euskaratik urrun daudenak euskarara ekartzea, herrian dagoen aniztasuna eta hizkuntza aniztasuna ezagutzea eta zubi berriak sortzea herrian bertan.
Bi perfiletako pertsonek hartzen dute parte: auzotarrak, batetik, hau da, euskaraz hitz egiten dutenak; eta auzokideak, bestetik, hau da, euskaraz hitz egiten ez dutenak.
Atzo, eguena, egin zuten Auzokoren aurkezpena Antzuolan, baina atzo animatu ez ziren herritarrek aukera dute hemendik aurrera eguaztenero egingo diren saioetan parte hartzeko. Nagore Dos Santos zinegotziak herritarrak egitasmoan parte hartzera animatu nahi izan ditu.
Euskaratik urrun dagoen jendea euskarara hurbiltzeko lanean jarraituko dute, beraz, Antzuolan Auzoko egitasmoarekin.