Zientzialariak eta fabrikako langileak batera Antzuolako Elay enpresan

Miren Arregi Amasorrain 2014ko api. 3a, 17:00

Azken boladan egin diren deskubrimendu zientifikorik inportanteenetakoen artean egon daiteke Higgs Bosoiaren aurkikuntza, eta horretan parte izan dute Elayko langileek. Aurkikuntza hori ahalbidetu duten esperimentuetan lan egin duen Hegoi Garitaonaindia euskal ikerlariak hitzaldia egin du gaur antzuolako lantegian. Helburua, langileei eta jendarteari, aurkikuntza horretan Elayk egin duen ekarpena azaltzea eta ekarpen hori balioan ipintzea.

Hegoi Garitaonaindiak, EHUko ingeniariak eta Higgs Bosoia aurkitu zuen Amsterdameko unibertsitateko ordezkari gisa ATLAS detektagailuko arduradun bezala aritu denak, hitzaldia eskaini du gaur eguerdian Antzuolako ELay lantegian. Martin Garitano Aldun Nagusiak egin du hitzaldiaren aurkezpena.

Arratsaldean, Pedro Miguel Etxenikek, Jakiundeko Ohorezko presidenteak ezagutza zientifikoaren balioari buruzko hausnarketak plazaratuko ditu Bergarako osokoen aretoan egingo duen hitzaldian, 19:00retan. Txikitik handira, sinpletik konplexura. Baliorik gabeko zientziaren goieneko balioa izenburupean egingo du hori.

Hitzaldiaren aurretik, baina, Elayko instalazioetan ekimenaren aurkezpena egin dute. Jesus Mari Ugalde, Jakiundeko presidentea, Javier Echeverria Jakiundeko Krisiak egitasmoaren koordinatzailea, Ricardo Diez Muiño DIPCEko zuzendaria eta Kristina Elkoro Elayko ordezkaria izan dira bertan.

'Krisiak 2014' egitasmoaren lehena

Jakiundeko Krisiak 2014 egitasmoaren koordinatzaile Javier Echeverriak hartu du lehenik hitza. Aurkikuntza handiak krisi garaietan azaleratzen direla esan du, eta jakin behar dugula orain ere, krisi egoera orokor honetan, onena ateratzen.

Jesus Mari Ugalde Jakiundeko presidenteak bere aldetik, Jakiundek Antzuolan antolatutako ekitaldiaren ezhoikotasuna azaleratu du. Gaineratu du "akademia guztien historia osoan lehen aldia dela akademia batek halako ekitaldi bat tailer baten prestatu, egin eta burutzen duela. Zerbait historikoa izan daiteke edo akaso gehiago anekdota". Kontuak kontu, horren garrantzia nabarmendu du.

Elayrendako proiektu berezia

Urteak eman dituzte Elayn azeleragailurako piezak ekoizten. Guztira 6.000.000tik gora egin dituzte. Lehiaketa publiko bitartez lortu zuen lan hori bereganatzea.

Kristina Elkorok egin du berba agerraldian Elayko ordezkari gisa. Higgsen bosoiaren aurkikuntzaren proiektuan parte hartu izana enpresarendako eta langileendako oso garrantzitsua dela esan du. Gaineratu du, beti izan dela proiektu berezia eurendako, baina inoiz ez dutela jakin, benetan zein izan den bide horretan eurek egin duten ekarpena. Puntu horretan Jose Luis Elkoro izan du gogoan, "Elayk proiektuari egindako ekarpena ezagutu eta zabaltzeko egin duen ahaleginagatik".

Bestetik, agerraldian "ezagutzaren industriek" euskal industriarako duten ahalmena eta garrantzia azpimarratu dituzte: "Ezagutzaren industriak ezinbestekoak dira CERN partikula azeleratzaileak bezalako gailu handiak sortu eta mantentzeko" esan dute.

Jakiundek, Zientzia, Arte eta Letren Akademiak antolatu ditu hitzaldiok, Krisiak 2014 egitasmoaren baitan. Hala, Jakiundek, krisiaren inguruko bere ezagutzak, hausnarketak eta orientabideak eskaini nahi ditu; hauek guztiak disziplina anitzetatik. Higgs Bosoiaren inguruko gaurko jardunaldia egitasmo horretan kokatzen den lehena da.

 

Atzoko ekitaldiko hiru argazki, hiru momentu (Argazkiak: KB Photoestudio).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak