'Segapotoa', bertsozaleendako

Ane Miren Etxeberria 2014ko ots. 17a, 10:15

Ion Lizarazu, erdian, GipuzkoApp lehiaketako saria jasotzerako orduan
Bertsozaleek eskura dute trebatzeko tresna berria. Segapotoa du izena eta 'made in Antzuola' dela esan daiteke. Izan ere, Ion Lizarazu gazte antzuolarrak karrera amaiera proiektu moduan aplikazio bat egin du, bertsolaritzarekin lotutakoa: Segapotoa. GipuzkoaApp saria eskuratu du, gainera.

Euskal Herrian bertsolaritzarekiko zaletasuna handia dela jakin badakigu denok; BECen lau urtean behin izaten den Bertso Txapelketak mugitzen duen jende andana horren isla garrantzitsuenetakoa dugu. Eta hor ditugu hainbat herri, elkarte eta txokotan antolatzen diren bertso-afariak, bertso-poteoak eta beste hainbat ekintza.


Oraingoan, baina, teknologia berriak eta bertsolaritza uztartzen dituen aplikazioa dago martxan. Eta, gainera, herritar batek egindako lana da. Segapotoa du izena eta 'made in Antzuola' dela esan daiteke. Izan ere, Ion Lizarazu gazte antzuolarrak karrera amaiera proiektu moduan aplikazio bat egin du, bertsolaritzarekin lotutakoa: Segapotoa.

Lizarazuk honakoa esan du: "Errima okerrik ez egiteko, ezta potorik egiteko modua edota aukera eskaintzen du aplikazioak, eta, beraz, mugikorrari segapoto ere deitzen zaionez, eta nik egindako aplikazioa ere mugikorretarako denez, potoak kentzeko edo mozteko aplikazioari, hitz jokoa aprobetxatuz, hala deitzea pentsatu nuen". Aplikazioaren logoan ere ikus daiteke nola segak poto hitza mozten duen; beraz, hitz joko polita erabiliz izena jarri dio bertsolaritzarekin lotutako aplikazio horri.

Aplikazio sinple eta intuitiboa

Aplikazio oso osatua da, baita sinple eta intuitiboa ere; honela dio, behintzat, egileak: " Bertsotan hasi aurretik beti zein neurritan egin nahi den pentsatu behar dugu; beraz, aplikazioak, lehenik eta behin, zein neurri eta zein lerro kopurutako bertsoa egin nahi dugun galdetuko digu. Behin neurri bat aukeratuta eredu edota plantilla bat eskaintzen digu lerro bakoitzean zenbat silaba idatz ditzakegun esanez. Gainera, errimekin edota sinonimoekin arazorik izanda ere, bilatzaile bat ere badago aplikazioaren barruan. Hala, bilatzaile honekin, zalantza guztiak argitu eta bertsoa egiterik izango dugu". Horretarako, baina, Interneterako sarbidea izan behar du mugikor horrek. Momentuko kezka eta zalantzak argitzeaz gain, egindako lana ere zuzentzeko aukera ematen du aplikazioak; hau da, sortu dugun bertsoa zuzenduko duen atala ere badago. "Hala, silaba bakoitza neurri horretara ondo egokituta dagoen edota errima zuzenak diren edo ez jakiteko aukera ematen digu", adierazi du Jon Lizarazuk.

Herritar guztiei zuzendutako aplikazioa da, nahiz eta bertsotan jakin ez. Ikasteko lagungarri da, beraz. Lizarazuren hitzetan, "momentuko laguntza moduan ulertu behar da aplikazioa; hau da, ez du balio bertsotan ikasteko. Ez da bertso eskola bat ordezkatzeko, baizik eta laguntza momentu konkretuetan sor daitezkeen zalantzei erantzuteko". Bertso eskoletan erabilgarria ere izan daitekeela gaineratu du Lizarazuk, ikasitakoa ondo barneratu dela egiaztatzeko eta jakiteko balio dezake-eta.

Nola instalatu

Android sistema erabiltzen duen edozein mugikorretan instala daitekeen aplikazioa da. Oraingoz, ez dago erabilgarri iOS sistemetan, baina, hala ere, aurrerantzean moldaketak egin behar dituela ere adierazi du Lizarazuk; beraz, agian, sistema horretan ere egongo da erabilgarri aurrerantzean.

Android dutenek, beraz, Play Store-ra joan eta bertan Segapoto izeneko aplikazioa bilatu besterik ez dute.

GipuzkoApp saria

Abenduan, Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatutako GipuzkoApp lehiaketan parte hartu zuen Jon Lizarazuk Manex Agirrezabalekin batera. Proiektua amaituta izanda, moldaketa eta hobekuntza batzuk egin eta lehiaketara aurkeztea pentsatu zuten.  Ez zuten uste irabazle aterako zirenik: "Oso pozik geratu nintzen. Ez nuen espero; honek asko animatzen du aurrera jarraitzeko" adierazi du Lizarazuk.

Beraz, bertsotan ikasi, hobetu edota bertsolaritza gustuko izan eta aplikazioarekin apur bat jolastu nahi duten guztiek badute eskuragarri bailarako jatorria duen aplikazio bat: Segapotoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak