Antzuolan atez ateko sistemaren lehen urteari buruzko emaitzek aldaketa nabarmena erakusten dutela azpimarratu dute goizean Mankomunitatean egindako agerraldian Antzuolako alkate Inma Beristainek, atez atekoaren jarraipen batzordearen buru den Jose Mari Iturbek eta Mankomunitateko presidente eta Arrasateko alkate Inazio Azkarragaurizarrek.
Gaineratu dute emaitzak bikainak izan direla, hasiera hasieratik onak eta gainera, poliki poliki beti ere gorako tendentzia erakusten dutela. Datuei dagokienez, hondakin globala %15-%20 tartean jeitsi da lehen urte honetan, eta zentzu horretan gaineratu dute aintzat hartu behar dela ez dutela Antzuolan eman den autokonpostajearen igoera kontuan hartu. esan dute baita ere lehen zortzi hilabetetan lantegiek sortutako errefusa estimatu egin dutela; azken hau ez da atez ate jaso, mankomunitateko ibilbidean baizik.
Gaikako bilketa
Birziklapen tasaren igoera ere azpimarratu dute esanaz, egun batetik bestera, hondakinen %32 inguru birziklatzetik %80 birziklatzera pasa direla.
Gaikako zabor bilketari dagokionez, erefusaren kasuan nabarmen egin du behera jasotako kopuruak, aurreko urtean baino lau bider gutxiago jaso dira-eta. Gainerako mota guztietan, igo egin da jasotakoa. Bereziki aipagarriak dira hondakin organikoen eta ontzien kasua. Organikoetan datuak aurreikuspenen barruan daude, eta oso onak direla zehaztu dute: ezer ez jasotzetik, 180.000 kilo jasotzera pasa dira. Ontzien kasuan ere, ia bikoiztu egin da jasotako kopurua.
Balorazio ekonomikoa ere egin dute, eta adierazi atez ateko sistemari esker tratamenduan aurreztutako diruarekin bilketaren kostuen igoera konpentsatu egiten dela.
Balorazio positibo honen barruan, Antzuolako alkateak, eskerrak eman dizkie antzuolarrei egindako esfortzuagatik.
Mankomunitatearen helburuak
Inazio Azkarragaurizarrek bere aldetik, esan du egun Mankomunitatean %30 dela birziklatzen dena, eta gainerakoa Sasietako hondakindegira bideratzen dela. Helburua kopuru horiei buelta ematea izan behar dela gaineratu du, eta hori denon esku dagoela. Aurreratu du Mankomunitateak sentsibilizazio kanpaina bat jariko duela martxan datozen hilabeteotan, herritarrak hondakinen gaiaz ondo informatzeko. "Pausoz pauso joango gara, alarmismotan erori gabe; lehenengo informatuz eta gero eztabaidatuz. jartzea erabakitzen dugun sistema dena delakoa izanda ere, denok arazo barik egiteko modukoa izango da" erantsi du Azkarragaurizarrek.