Azken egunetan bolo-bolo dabil birus batek hainbat gailu kutsatu dituenaren berria, enpresa ugarik mundu mailan izan duten erasoaren harira. WhatsApp bidez zabaltzen ari diren iruzurrak ere izan dira guztien ahotan, esaterako, Netflixek oparitzen zuen urtebeteko harpidetza aitzakiatzat hartuta zabaltzen ari den iruzurra. Guzti honek, mugikorraren erabileraren gorakadarekin eta Internetera konektatzeko aukerak gehitzearekin lotuta, gailuen segurtasunaren inguruko kezka ugari sortu ditu erabiltzaileen gain.
Testuinguru honetan, eraso eta iruzur saiakerez gain, erabiltzailea bera da mugikorren mehatxurik handiena. Batzuetan ezagutza faltagatik eta beste batzuetan ardura faltagatik, erabiltzaileak berak zabaltzen dio atea edozein motatako mehatxuei. Beraz, sistema eragile seguruena edo antibirus onena bilatzen hasi aurretik, aholku sinple batzuk kontutan hartuz gero mugikorren eta orokorrean beste edozein gailuren segurtasun maila nabarmen hobetu daiteke. Erabiltzailea baita gailu baten lehen defentsa sistema.
Kontutan hartu beharreko lehenengo gauza hutsik gabeko sistema eragile edo antibirusik existitzen ez dela onartzea da. Honek ez du esan nahi hainbat mehatxuren aurrean eraginkorrak ez direnik, konplexutasun maila handia behar dela hauek apurtzeko baizik. Hala ere, sarea sistema eragile onena bat edo beste dela aipatzen duten hainbat albistez beterik dago sarea eta aukeratzerako orduan iturri bat baino gehiago kontsultatzea aholkatzen da beti gailu bat erosi aurretik irudi errealago bat edukitzeko. Batez ere datu objektibo gabeko epaiak ekidin behar dira eta froga enpirikotan oinarritzen diren epaiak bilatu.
Edozein dela ere aukeratzen den sistema eragilea, hau eguneratua mantentzea aholkatzen da. Askotan eguneraketak egiteari ez zaio behar duen garrantzia ematen eta atzeratu edo baztertu egiten dira zuzenean, baina eguneraketa bakoitzak segurtasun adabakiak gehitzen ditu eta erasoen aurrean babesa gehitu. Eguneraketak ez egiteak erasoen aurrean ahulago uzten dute gailua eta errazagoa izango da infektatzea. Antibirus bat ere gehitu ahal zaio gailuari baina hau ere eguneratu gabe badago, ez da behar bezain besteko eraginkorra izango eta erasoak jasateari ate bat zabalduko dio.
Hala ere, arlo teknikoaz aparte, pertsonen erabilera mota ere izan daiteke babeserako edo erasoak jasateko faktore erabakigarria. Interneten badira datuak eskatzen dituzten orri asko, eta askok ematen dute aukera sare sozialen bitartez bertan erregistratzeko, prozesua arintze aldera. Kasu hauetan, webgune honi datuak oparitzen dira sare sozialetako datuetara sartzeko atea zabaltzen delako. Horrelako kasuetarako, frogatarako email helbide bat sortu eta hau erabiltzea gomendatzen da, orokorrean erabiltzen den helbideaz aparte, edozein erasoren aurrean datu sentikorretara sarrera ez izateko.
Gainera, aplikazio berri bat instalatzean edozer gauza egiteko baimena eskatu arren ere ez dira baldintza hauek irakurtzen eta zuzenean baimen hau ematen da. Beraz, aplikazio batek zerikusirik ez duten datutara sartzea eskatzen badu edo webgune ofizialetatik kanpo datorren aplikazio bat instalatu nahi izanez gero, gomendagarria da aplikazio honen inguruko informazioa bilatzea eta beste erabiltzaile batzuek zer esaten duten ikustea.
Pasahitzak ere kontutan hartzeko gauza dira. Askotan, gogoratzeko errazak izateko aitzakiaz pasahitz ahulak eta asmatzeko errazak erabiltzen dira. Pasahitz seguruak eta gogoratzeko errazak egiteko teknikak erabiltzen badira, segurtasun maila handituko da.
Azkenik, webgunetara sartzean hainbat aldiz agertzen dira lehiaketa eta eskaintza izugarrien publizitatea. Hauek askotan iruzurretarako sarbidea edota birusen atea izaten dira, eta oso modu errazean ekidin daitezke: egia izateko onegia dela irudituz gero, seguruenik, iruzur bat izango da. Gauza berdina gailua infektatuta dagoela esaten duten horiekin, edo errendimendua hobetzea eskaintzen duten horiekin eta nola ez, sexuarekin zerikusia duten horiekin. Kontuz ibili.