Ransomware motako birusa da ordenagailuetan sartu dena. Ingelesetik datorren hitza da berau; ransom, 'erreskatea' eta ware, 'software' hitzetatik. Eta hain justu hori da aipatutako birusak egiten duena, ordenagailuko artxiboak "bahitu" egiten ditu erreskate bat ordaindu artean.
Birusa gaur goizean Telefonicako bulego zentraletako hainbat ordenagailutan sartu da eta ordu batzuk geroago CNIak jakinarazi du ransomware-ak enpresa "askotan" eragin duela.
Telefonicak intranetaren bidez, mezu bat bidali die langile guztiei ordenagailua itzaltzeko aginduz. Hala ere, Telefonicatik jakinarazi dutenez, birusak ez die eragin Telefonicako mugikor, telefono edo Internet zerbitzua kontratatuta duten bezeroei.
WannaCry motako ransomware-a dela jakinarazi du INCIBEk eta ondorengo Windows bertsioetan eragin dezakeela:
- Microsoft Windows Vista SP2
- Windows Server 2008 SP2 and R2 SP1
- Windows 7
- Windows 8.1
- Windows RT 8.1
- Windows Server 2012 and R2
- Windows 10
- Windows Server 2016
Badaezpadako segurtasun neurriak hainbat enpresetan
Vodafone, Iberdrola, Gas natural edo Laboral Kutxa bezalako enpresetan badaezpadako segurtasun neurriak hartu dira eta langileei ordenagailuak itzaltzeko eskatu zaie. Laboral Kutxaren kasuan, adibidez, astelehen goizerarte programa ez erabiltzeko eskatu zaie langileei.