Sarera konektatuta egiteko beharra gero eta hedatuago dagoen zerbait da, eta horretarako erraztasunak emate aldera Arrasateko Udalak hiru wi-fi gune jarri ditu herriko kaleetan. Hiru eraikin publiko baliatu dituzte antenak jarri eta kaleak internet konexioarekin hornitzeko.
Hala, Iturbide egoitzan jarritakoak Garibai etorbideari emango dio estaldura, Gazte Bulegoan kokatutakoak Biteriko guneari eta, azkenik, udal euskaltegikoak Arimazuri plazari. "Ikusi egin beharko da zer nolako erabilera maila duten, baina ondo funtzionatuz gero etorkizunean herriko beste gune batzuetara hedatzea gustatuko litzaiguke" adierazi du Victor Fuentes Arrasateko Udaleko garapen teknologiko, teknologia berri, turismo eta komertzio zinegotziak.
Hauteskunde programa barruan
PSE-EE taldearen hauteskunde programan txertatutako akzioa da, eta 2017ko aurrekontuen zirriborroa aurkezterakoan iragarri zuen Oscar Garciak aurten egiteko asmoa zutela. Martxoa hasieran erabilgarri egotea zen aurreikuspena, baina sarearen hornidura egin duen Vodafone enpresak izandako atzerapenengatik, hilabete beranduago jarri da martxan. "Apiriletik hona hainbat froga egin ditugu behar bezala funtzionatzen duela bermatzeko" adierazi du Fuentesek.
60 GBko abiadura
Hori da wi-fi sareak oro har izango duen nabigazio abiadura. "Wi-fi publikoa jartzeko abiadura muga batzuk ezartzen ditu legeak, jendeak praktika desegokiak egin ez ditzan. Abiadura oso azkarra jarriz gero, pelikulak edo bestelako eduki multimediak legez kanpo deskargatzeko arriskua dago eta" azaldu du Fuentesek.
Konektatzeko erraza
Bi pausu eman beharko dira sarera konektatzeko. Lehenik eta behin, Wi-fia aktibatu eta Arrasateko Udala izeneko sarera konektatu, eta ondoren erabiltzaile gisa e-mail helbidea sartu. "E-mailaren bidez zenbat erabiltzaile konektatzen diren jakin dezakegu. Horretaz gain,
behin konektatuz gero, beste guneetan automatikoki konektatuko zara".