Gaur, maiatzaren 17a, Interneten Eguna da. 2005etik ospatzen da egun hau eta ordutik Internetek garapen itzela izan du zentzu guztietan. Internet ordenagailuen eskutik ezagutu bagenuen ere, mugikorrak gero eta garrantzia handiagoa hartzen ari dira, eta smartphonen sorreratik Internetaren erabilerak etengabe egin du gora gailu hauetan. Orain arte erabiltzaileen gehiengoak Goiena.eus ordenagailu bidez kontsultatzen bazuen ere, mugikorren goranzko tendentzia garbia zen 2016tik. 2017an zehar, ordenagailu bidezko nabigazioak orain arteko nagusitasuna galdu eta mugikorra nagusitu zaio.
'Mobile friendly'
Mugikor bidez nabigatzea errazteko, webgune garatzaileak etengabe dihardute hobekuntza bila. Helburua webgunea gailu elektroniko guztietara egokituta egotea da, mobile friendly izatea. Mugikor bidez kontsultatzeko egokituta ez dauden webgune asko daude oraindik, baina gero eta gutxiago dira. Aurreko astean adibidez, Bergarako udalak webgune berria aurkeztu zuen, eta berrikuntza nagusienetako bat hain justu mobile friendly izatea zen, izan ere, ordu arte soilik ordenagailu bidez nabigatu zitekeen.
Goiena.eus mugikor, tablet zein ordenagailuz ikusteko egokituta dago, nabigazioa erraza eta erosoa da gailu guztietan, erabiltzaile bakoitzak bere behar eta gustuen araberako aukeraketa egin dezan uneoro.
Trafikoari dagokionez, goizeko orduetan ordenagailu bidez jende gehiagok ikusten ditu Goienako berriak, eta bestalde, eguerdi eta ilunkaran ohikoagoa da mugikor bidezko konexioa. Aipagarria da baita ere, azken orduko berrien kasuan gehiengo handiena mugikorrarekin sartzen dela artikulura.
Goiena APP
Nabigazioa erosoago egiteko asmoarekin garatu zen mugikorrerako Goienako aplikazioa duela urte batzuk, ordutik hainbat hobekuntza izan dituelarik. Momentu honetan 3.2.7 bertsioa dago eskuragarri bai App Store-n eta Play Store-n. Aplikazioak aspaldi pasatu zuen mila deskargen langa. Doakoa da guztiz eta Goiena.eus webguneko albisteak jasotzeaz gain, erabiltzaileak bere lehentasunen arabera pertsonalizatu dezake aplikazioa, gida komertzial geolokalizatu dakar eta parte-hartzeko ere baditu ditu, besteak beste.