Fagor Taldetik irtetea erabaki dute Onnera Groupeko bazkideek

Mirari Altube Arrese

Ezohiko batzar nagusia egin dute Onnera Groupeko bazkideek gaur, azaroak 27, eta Fagor Taldetik irtetea erabaki dute, botoa emandakoen ia %65aren babesarekin, Goienak jakin duenez.

Babes zabala izan duela erabakiak adierazi dute Onnera Groupetik prentsa-ohar bidez eta "etorkizuneko erronkei aurre egiteko eta proiektu sozio-enpresariala garatzeko modurik onenaren gainean" egindako barne hausnarketa bati erantzuten diola.

Hala, beste zortzi kooperatiba batzen dituen Fagor taldetik aterako da, Debagoieneko eskualdeko interkooperazio egituratik hain zuzen ere. Dena den, Mondragoneko kide izaten jarraituko du, Eraikuntza Dibisioko parte den aldetik, orain arte legez.

Prentsa-oharrean adierazi dute Onnera Groupek zein Fagor Taldeak "elkarrizketatik, gardentasunetik eta elkarrekiko errespetu instituzionaletik" garatu dutela prozesua, eta balio horiek izan direla azken hilabeteetan izandako elkarrizketen gidari: "Irteera modu ordenatuan eta giro horretan bertan egingo da".

Fagor Taldeko presidente Igor Herrarte arrasatearrak urri bukaeran baieztatu zuen Onnera Group taldetik irtetea aztertzen ari zela. Goiena telebistako Berbagai saioan adierazi zuen hain zuzen ere, kooperatibaren parte izateak "alde positiboak zein negatiboak" izan ditzakeela. Talde baten parte ez izateak "erabakiak azkarrago hartzeko eta norberaren baliabideen gaineko autonomia handiagoa izateko aukera" ematen duela; aldiz, taldean jarduteak "proiektu handiagoei heltzeko eta nazioarteko merkatuetan segurtasun handiagoz zabaltzeko" aukera.

Nazioartean hainbat lantegi

Oñatiko Santxolopetegi auzoan kokatuta dago Onnera Group –Fagor Industrial izena zuen kooperatibak 2013an erabaki zuen aldatzea– eta ostalaritzako, garbitegietako eta hozte komertzialeko ekipamenduetan espezializatua. 2.365 langile inguru dauzka nazioartean banatuta eta Oñatiko lantegiaz gain beste sei ditu: Bartzelonan, Kordoban, Huescan, Mexikon, Frantzian eta Polonian. Horiez gain, hamar filial-komertzial ere baditu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak