Herrartek baieztatu du Onnera Group Fagorretik irtetea aztertzen ari dela

Izar Ruiz de Austri Arexolaleiba

Igor Herrarte, Berbagai saioan. G.A.

Goiena telebistako 'Berbagai' saioan hainbat gai jorratu zituen Igor Herrartek, Fagor Taldeko presidente berriak, tartean, Onnera Group-en irteera posiblea. 

Fagor Taldearen egoera "orokorrean, ona" da, nahiz eta nazioarteko testuingurua "ziurgabetasun maila handikoa" izan. Horixe esan zuen Igor Herrartek, Fagor Taldeko presidente eta Mondragon Assembly kooperatibako lehendakariak, Goiena telebistako Berbagai saioan. Iaz 1.700 milioi euroko salmentak izan zituzten, eta aurten antzeko emaitzak lortzea aurreikusten dute. 

Bederatzi kooperatibak osatzen dute Fagor Taldea, guztiak Debagoienekoak eta hainbat sektoretan lanean dihardutenak. Dibertsifikazio hori "altxor garrantzitsua" dela nabarmendu zuen Herrartek. "Automobilgintzari lotutako enpresak zailtasunak izaten ari dira, eta etxetresnen merkatua ere ez da erraza", azaldu zuen. "Hala ere, Fagor Taldeko hainbat enpresa emaitza onak izaten ari da, eta taldeari ekarpena egiten diote".

Elkarlana: hazteko eta babesteko

Taldearen jardunaren oinarrian "interkooperazioa" dago; hau da, kooperatiben arteko elkarlana. "Elkarlanari esker iritsi gara gaur gauden lekura", dio Fagor Taldeko presidenteak. "Lankidetza teknologian, merkatuetan eta ezagutzaren alorrean gauzatzen da, baita egoera ekonomiko zailetan ere, kooperatiba batek laguntza behar duenean. Enpresa gutxi daude elkarrekin lan egiteko gaitasuna dutenak", adierazi zuen Herrartek. Haren hitzetan, taldearen indarguneetako bat da baliabideak eta gaitasunak partekatzea, baita kooperatiba bakoitzaren egoerei erantzuteko aukera izatea ere: "Bakarka azkarrago joan gaitezke, baina taldean urrunago iritsiko gara". Gainera, Fagor Taldearen xedeetako bat inguruko gizartean eragina izatea dela zioen, "egungo bizi-kalitatea mantendu edo indartzeko".

Onnera Group-en irteera

Onnera Group Fagor Taldea uzteko aukera aztertzen ari dela baieztatu zuen Herrartek. Erabakia kooperatibaren batzar orokorrean hartuko dute, bozketa bidez. Irteeraren aldeko erabakia hartuz gero, Fagor Taldeari jakinarazi eta irteera-prozesua eskatuko lioke.

Herrartek esan zuen bozketa abenduan egin dezaketela, nahiz eta ezin dezakeen zehaztu oraindik. Argi utzi zuen kooperatibaren parte izateak "alde positiboak zein negatiboak" izan ditzakeela. Talde baten parte ez izateak "erabakiak azkarrago hartzeko eta norberaren baliabideen gaineko autonomia handiagoa izateko aukera" ematen duela adierazi zuen; aldiz, taldean jarduteak "proiektu handiagoei heltzeko eta nazioarteko merkatuetan segurtasun handiagoz zabaltzeko" aukera. 

Etorkizunari begira, "ondo dagoenari eutsi, lankidetza mantendu eta lehiakortasun handiagoa duten produktuak garatzea eta dibertsifikazioan sakontzea" dira Fagor Taldearen erronketako batzuk. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak