Yuri Paramos: "Leku askotan azaldu behar izan dut nik zein diren nire eskubideak"

Larraitz Zeberio Lekuona

Yuri Paramos oñatiarra, Emakumion Etxian.

Trans emakume moduan definitzen du bere burua Yuri Paramosek (Oñati, 2000), nahiz eta gero eta zona gris gehiago ikusten dituen generoarekin eta identitatearekin lotuta. Queer* mugimendutik egindako ekarpena garrantzitsua dela dio, eta normal bizi nahi duen pertsona bat besterik ez dela.

Nola bizi duzu zure genero-identitatea?

Orain ondo, baina bizi izan dut beldur handiarekin. Sentitzen hasi nintzenean zerbait pasatzen zebilela nire identitatearekin, galduta sentitu nintzen, eta urduritasun handiarekin. Ez nuen informaziorik, ez nekien nora jo... 

Zer sentitzen zenuen?

Nerabezaroan gertatzen den mutilen eta nesken arteko banaketa horretan nik ez nuen nire lekua ikusten ez alde batean ez bestean. Mutilekin joaten nintzen askotan, baina ez nintzen eroso sentitzen. Egun batean, genero fluido* terminoari buruz irakurri nuen, eta pentsatu nuen, akaso, hori gertatzen zitzaidala niri. Gerora jakin nuen ez zela zehatz nik sentitzen nuena, baina beldur handia nion trans* hitzari. Irakurketa hark lagundu zidan nire identitatea zalantzan jartzen. 

Nola sozializatu zenuen?

LGTBI kolektiboko lagunak egitea garrantzitsua izan zen. Herritik kanpokoak ziren. Batek esan zuen behin bisexuala* zela, eta orduan ikusi nuen posible zela sexualitateari edo identitateari buruz lasai hitz egitea, eta horrela hasi nintzen nire identitatea apur bat gehiago ulertzen. Egun batean, trans nintzela esan nien bi laguni. Beldur handiarekin esan nien. Pentsatu nuen bizitza bukatuko zela, ez nuela etorkizunik izango, ez nuela lanik lortuko edo ez ninduela inork maitatuko. Baina haien laguntza jaso nuen eta alboan izan nituen taldean esateko. 16 bat urte izango nituen. Hiruzpalau hilabete geroago, familian esan nuen.

"Ume bati bere errealitatea ukatzea oso gogorra da; bizi izan dut, eta, ondo inguratuta ez bazaude, leku oso ilunetara eraman zaitzake"

Nola azaltzen zaio hori guztia beste bati?

Zaila da. Egunerokotasunean edozein pertsonak ez du hainbeste hausnartzen identitateari buruz. Gizon bat gizona bada ez du pentsatzen zergatik den gizona, eta alderantziz. Biologizismora* jotzen da eta kito. Identitatea beste gauza bat da, eta zaila da ulertzea zergatik sentitzen garen eroso genero batekin edo bestearekin.

Eta halako albiste batekin asko aldatzen da ingurukoen zurekiko jarrera?

Nesken aldetik ez zen aldatu, ulertu zutelako, azken finean, pertsona bera nintzela. Mutilekin zailagoa izan zen. Uste dut ez zekitela oso ondo ni nola tratatu. Familian ere hasieran ez zen samurra izan. Txikitatik gizon moduan tratatu ostean, kosta egin zitzaien txipa aldatzea. Gero, egon ziren pertsona batzuk ez zutenak onartu edo hasieran erresistentzia jartzen zutenak. Erresistentzia handiak 16 urteko pertsona batentzat. Esan zidaten, esaterako, operatu arte mutil bezala tratatuko nindutela. Nik orduan ez nekien operatu nahi nuen edo ez, zer zekarren... Eta hura nire identitatea errespetatzeko baldintza handia zen.

Administrazioan edo osasungintzan egindako ibilbidea zelakoa izan da? 

Gaur egun ez dakit nola dagoen kontua, baina duela hamasei urte ezer gutxi zekien inork gai horien inguruan, eta informazioa lortzea oso zaila zen. Leku askotan azaldu behar izan dut nik zein diren nire eskubideak. Guk –ama eta biok– Bartzelonako Transit osasun-zerbitzu publikora jo genuen lehenengo. Iruñean egin zuten hitzaldi batera ere joan ginen, eta zalantza pila argitu zizkiguten. Horrela lortu nuen, esaterako, Naizen elkartearen kontaktua [orduan, Chrysallis Euskal Herria] eta, baita ere, hemengo anbulatorioan hormona-tratamendua* emateko jarraibideak. 

"Informazio gehiago behar da; Hitzaldiak egiten ditut, eta ikusi dut nola informazio apur batek aukera ematen duen gauza asko ulertzeko"

Bidezkoak ez diren egoera asko bizi izan dituzu hamar urteotan? 

Hormona-tratamendua lortzeko bi urtez emakume jarrerak –bizitza errealeko proba delakoa– akreditatu behar izatea, hori zer zen oso argi ez izanda; operatu berritan medikuak gizon moduan tratatzea, hormona maila kontrolatzeko analitikak egiteko galdera patologizatzaileak* egitea... Arazo handienak osasungintzan izan ditut. Bartzelonan bizi izan nintzenean egokitu zitzaidan medikua trans gizonezkoa zen, eta alde handia nabaritu nuen. Ulertu nuen samurra izan zitekeela proba mediko bat egitea. Ez nengoen ohituta.

Trans pertsonen kontrako mezuak ugaritzen ari dira?

Bai, eta, nire ustez, ziklikoak dira. Bost bat mantra daude: trans pertsonak kiroletan, trans haurtzaroak, trans pertsonak aldageletan, trans pertsonak eta oposizioak… Batek indarra galtzen duenean, beste batek hartzen du. Iraingarriak direnean iraindu egiten dute, eta gero, estereotipoak indartu egiten dituzte.

Zein da zuretzat mingarriena?

Trans haurtzaroak ukatzea. Ume bati bere errealitatea ukatzea oso-oso gogorra da. 10, 11 edo 12 urterekin esaten badizute zure identitatea ez dela egokia, horrek sekulako mina egiten dizu. Bizi izan nuen bere garaian, eta badakit oso ondo inguratuta ez bazaude leku oso ilunetara eraman zaitzakeela horrelako mezu batek. 

Zer beharko litzateke trans pertsonak hobeto bizitzeko?

Gizarteak ulertzea pertsonak garela. Uste dut askorendako kontzeptu hutsak garela, haien inguruan bizi ez diren entitate ez materialak. Gero, informazio eskuragarria behar da eskoletan, hedabideetan, udaletxeetan, unibertsitateetan, administrazio-bulegoetan… Hitzaldiak eman izan ditut eta ikusi dut nola informazio apur batek aukera ematen duen gauza asko ulertzeko.

Oharra: Elkarrizketa honetan asteriskoa (*) duten hitzak hiztegi honetan agertzen dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak