Zenbait termino argitzeko hiztegi laburra

Larraitz Zeberio Lekuona

Glosario honen bidez, orriotan agertzen diren zenbait terminoren definizioa eman gura dugu. Iturrien artean daude Emakunderen Feminismoa eta berdintasuna hiztegia, EHUko Berdintasunerako zuzendaritzak egindakoa eta Euskaltzaindia. 

Biologizismo
Giza portaera, fenomeno psikologikoak, sozialak eta kulturalak faktore biologikoen edo organikoen bidez soilik azal daitezkeela defendatzen duen jarrera teoriko eta ideologikoa.

Bisexual
Bai bere sexukoek bai beste sexukoek erakartzen dutena. 

Ekai Lersundi
Trans kolektiboko gazte ondarrutarra. Tratamendu hormonalaren zain zegoela, bere buruaz beste egin zuen 2018ko otsailaren 15ean, 16 urte zituela. 

Ez-binario edo ez-bitar
Genero binarismotik kanpoko pertsona eta identitateak dira. Pertsona horiek ez dute beren burua ez maskulinotzat ez femeninotzat jotzen; gerta daiteke hirugarren genero batekin identifikatzea, inongo generorekin ez identifikatzea edo genero batzuen artean mugitzea. Identitate ez-binarioak identitate trans edo queerren multzoan kokatu ohi dira. Identitate, adierazpen edo portaera ez-binarioak ere askotarikoak dira: ageneroak, bigeneroak, genero fluidoak, neutroak, likidoak, ez-normatiboak eta abar.

Genero 
Ezaugarri kulturalen multzoa, jokabide eta identitate patroiei buruzkoa. Generoa ez da ez finkoa ez berezkoa, eraikuntza soziokultural bat baizik, denboran zehar aldatuz joan dena eta aldatu egin daitekeena. 

Genero fluido edo jariakor
Identitate ez-bitarren aterkiari dagokion genero-identitatea, pertsona baten generoaren bizipena denboran zehar aldatzen denean.

Genero-identitate 
Pertsona bakoitzak bere buruaz duen pertzepzioa; hau da, bakoitza zein generorekin identifikatzen den. Genero identitateak ez du zertan bat etorri pertsonaren sexu biologikoarekin, eta ez dauka zerikusirik orientazio afektibo eta sexualarekin. Identitate batzuk sistema bitarretik harago doaz, eta, beraz, beste kategoria batzuk sortzen dira: bigeneroa, demigeneroa, ageneroa, genero fluidoa etab. Horiek guztiak ez-binarioak dira.  

Genero sistema binario 
Mendebaldeko kulturan nagusi den gizarte-eredua, sexua eta generoa bi kategoria zurrun, kontrajarri eta kodependente gisa hartzen dituena: gizona eta emakumea. Eredu horrek baztertu egiten ditu kategoria horietan sartzen ez diren pertsonak; adibidez, trans pertsonak, intersex pertsonak edo pertsona ez-bitarrak.  

Gurutzeetako Genero Unitatea
Barakaldon dagoen Gurutzeetako ospitalean dagoen genero-unitatea. Trans pertsonei osasun arreta espezializatua emateko Osakidetzaren erreferentziazko zerbitzua da.

Hormona-blokeatzaile
Pubertaroan gorputzak garatzen dituen hormona sexualak aldi baterako gelditzen dituzten botikak dira, gazte transari bere identitatea ezagutzeko denbora emanez.

Hormona-tratamendu
Pertsona baten ezaugarri fisikoak –ahotsa, ilea, gantzen banaketa– bere genero-identitatearekin lerrokatzeko egiten den prozesu medikoa, estrogenoak edo testosterona erabiliz.

Igarotze-prozesu edo trantsizio
Pertsona trans batek bere genero-identitatearen arabera bizi izateko egiten duen bide pertsonala, soziala –izena eta jantziak aldatzea– edo medikoa –hormonak, kirurgia–.

Intersex pertsona 
Pertsona batzuek jaiotzez dituzten ezaugarri sexualak ez datoz bat gizonen eta emakumeen ugaltze edo sexu anatomiaren estandar tradizionalekin. Pertsona horiek intersexualak dira.

Kirurgia-ebakuntza
Trans pertsona bati sortzetiko sexu-ezaugarrien itxura eta funtzionamendua aldatzeko kirurgia prozedura-multzoak.

Patologizatzaile 
Eritasun baten ondorio dena edo horrela kontsideratzen dena.

Queer
Adiera bat baino gehiago dituen terminoa da. Genero- eta sexu-bitartasuna zalantzan jartzen duen teoria, esaten duena sexu- identitatea, genero-identitatea eta sexu- orientazioa ez daudela aurrez biologikoki determinaturik, baizik eta kulturalki eta sozialki eraikiak direla. Ingelesezkoa da, eta jatorriz arraroa, bitxia, arauz kanpokoa edo okerra esan gura zuen. Beste termino batzuekin gertatu denez, hala nola maritxu eta bollera hitzekin, ekintzaileek bereganatu egin dute terminoa; esanahi berria eman, eta aldarrikapenerako tresna bihurtu dute. 

Sexu-identitate
Sexuari dagokionez, nork bere buruaz duen pertzepzioa, nahitaez bat etorri behar ez duena jaiotzean ezaugarri fisiko eta biologikoetan oinarrituta esleitutako sexuarekin.

TERF
Ingelesetik datorren akronimoa (Trans-Exclusionary Radical Feminism). Emakume transak emakumetzat hartzen ez dituen eta haien eskubideak mugatzearen alde egiten duen korronte bat da.

Trans 
Genero identitatearen kategorietako bat. Pertsona transen genero identitatea ez dator bat jaio zirenean beren ezaugarri biologikoengatik esleitu zieten sexuarekin. Era berean, pertsona ez-binario batzuek beren burua trans bezala definitzen dute. Genero jakin batekin identifikatzen ez direnez, beren generoa ez dator bat jaiotzez esleitu zieten sexuarekin. Trans izateak ez dauka zerikusirik orientazio sexual eta afektiboarekin. Hau da, pertsona trans bat gaya, lesbiana, bisexuala, heterosexuala edo asexuala izan daiteke.

Transfobia 
Trans pertsonen kontrako jarrerak eta jokabideak.

Trans Legea
Trans eta intersex pertsonen eskubideak jasotzen dituen legea. Indarrean dagoena 2024an onartu zuen Eusko Legebiltzarrak EAJ, PSE-EE, EH Bildu eta Elkarrekin-Podemos-IU alderdien babesarekin.

Zis 
Jaiotzean sexuan oinarrituta esleitutako generoak eta norberak berea sentitzen duen generoak bat egiten dutenean. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak