Debagoienean elikadura burujabetza helburu duen proiektu bat garatzen dihardute hainbat erakundek. "Elikadura burujabetzara bidean, ekoizpenetik kontsumora tokiko elikadura sistema eraikitzeko jauzi bat egiteko urratsak eman eta oinarri konpartitu bat sortzen gabiltza. Zentzu horretan, agroekologiaren oinarriak landuko dituen ekintzailetza kolektibo eta kooperatiboa sustatzeko gune bat jarri nahi dugu martxan Oñatin", azaldu dute.
Gune horretan barazki eta frutak ekoiztuko dituzte, baina ez hori bakarrik. "Etorkizuneko ekoizpen agroekologiko kolektibo berrien erreferentziazko gune, eskola eta bidelagun izango da, nekazari berrien formazio eta instalazio prozesua bideratuz eta instalazio berriak martxan jartzeko orduan babestuz".
Lanpostua eskuratzeko ezinbesteko baldintzak izango dira baratzegintza agroekologikoan formakuntza eta esperientzia izatea eta talde-lanean eta proiektu integraletan aritzeko gaitasuna.
Honako gaitasun hauek ere baloratuko dituzte: Proiektu berri bat gidatzeko eta elkarlanean aritzeko gogoa; lehen sektoreak eta agroekologiak duen balio estrategikoarekin kontzientzia izatea; Debagoienekoa izatea eta bertako eskualdeko lehen sektorearen eta tokiko erakundeen ezagutza izatea; ahozko eta idatzizko komunikaziorako eta harremanetara gaitasuna izatea; enpresa edo elkartegintzan esperientzia izatea kudeaketa arloan; epe luzerako apustua egiteko prestutasuna izatea; taldeko hautagaitza izatea eta B gidabaimena edukitzea.
Interesa dutenek, curriculuma bidali beharko dute, azaroaren 15a baino lehen, tokixan@tokixan.eus helbidera. Informazio gehiago, hemen.