Belar hostoak lanarekin Lazarragan eta Belarra taldearekin gaztelekuan egon da Jon Gurrutxaga Oñatin azkenengoz. Zapatuan, Sugramas taldearekin izango da, Verduri Hall-en, 19:30ean.
Bueltan da Sugramas?
2010ean atera genuen lehen diskoa, eta, etenaren ondoren, bueltan da taldea, bai. Gainerako taldekideak, baina, berriak dira; oso gustura nago.
Eten horretan ere musikari lotuta egon zara.
Bai, hala da. Musika da nire pasioa. Disko pare bat atera ditut eta beste hainbat proiektutan ibili naiz, bai.
Nolakoa da Sugramas talde berria?
Oso indartsua dela esango nuke. Sekulako musikariak ditut ondoan: Andoni Etxebeste bateria jotzen, Miguel Moran baxuan eta Xabier Badiola gitarrarekin.
Ahotsaz gain, bateria baino gehiago gitarra jotzen duzu oraingoan.
Gitarra apala, esango nuke; Badiola da gitarra-jole nagusia. Abestu txikitatik abestu dut nik, eta musika eskolan perkusioa ikasten hasi nintzen. Hala, Arima Beltza, Uek eta Anakran taldeetan bateria jo dut, baina kantuak sortzen hasten zarenean beti behar duzu euskarri harmoniko bat, eta gitarra jotzen hasi nintzen orduan.
Kantuak, zeureak dira?
Bai. Gure bandcamp orrian argitaratu genuen singlea, apirilean, eta orain, abenduan, formatu fisikoan, biniloan, aterako dugu. Bi abesti dira, eta biak konposatu ditut nik, baina gero, denon artean jantzi ditugu, eta hitzak egiteko Xabi Lasa urretxuarrarengana jo dut. Nire bakarkako ibilbidea hasi nuenetik asko lagundu dit horretan, laguna dut, eta bi kantu horietako bat bion artean idatzi dugu eta bestearen hitzak harenak dira.
Lehengo musika egiten du oraingo Sugramasek ere?
Doinu berarekin dator, bai. Blues- rock estiloan oinarritutakoa da.
Nolako tokia hartzen du Euskal Herrian estilo horrek?
Hiriburuetan entzuten da; herrietan, agian, gutxiago. Baina rockzalea denari gustatuko zaio gure zuzenekoa; blues-aren eragina dauka. Sentimendua transmititzen duen musika da bluesa, eta, bestetik, rockaren alde elektrikoa du.