Publiko guztiendako emanaldiak ditu gaztelekuko udazkeneko kartelak

Oihana Elorza Gorostiza

Nuevo Catecismo Católico taldea. (Argazkia: Nuevo Catecismo Católico)

Nuevo Catecismo Catolico, Ibil bedi, Sugramas eta 'Go!azen', ikusteko eta entzuteko aukera egongo da Oñatin, besteak beste.

Udazkenean eta udaberrian egingo diren kontzertuak sasoi bakoitzean baina denak batera iragartzeko ohitura dauka dagoeneko gaztelekuak, eta udazken honetako eskaintza ere horrelaxe plazaratu du. Urritik urtarrilaren hasierara bitarteko zuzenekoak jasotzen dituen kartela publiko egin dute, eta sarrerak salgai jarri dituzte.

Sugramas, hasteko

Estilo askotariko emanaldiak dituzte antolatuta udazkenerako, publiko guztientzat. Adibidez, Go!azen telesailaren beste ikuskizun bat egingo dute abenduaren 20an, hamalaugarren denboraldikoa. Santa Ana antzokian izango da hori. Aurten, gainera, emanaldi bakarra egingo dute, eta gurasoak ere joan ahal izango dira ikustera.

Gaztelekura sartuta, Jon Gurrutxaga elgoibartarraren proiektua den Sugramas taldea etorriko da urriaren 17an. Eurekin batera joko du White Cartes taldeak; funka egiten dute haiek. 29an, berriz, Moonshine Wagon taldea eto- rriko da, hainbatetan aretoetatik kanpo entzundako taldea. Gabonen bueltan, abenduaren 26an, bi talde indartsu etorriko dira: Nuevo Catecismo Catolico eta Cobra. Lehenak garai bateko musikazale asko erakarriko ditu, seguruen; bigarren taldearekin, berriz, oñatiar bat izango da oholtza gainean, Iñigo Ibarrondo da-eta talde horretako baxu-jolea. Urtarrilaren 10ean, bestalde, Ibil Bedi talde nafarra izango da.

Herritarrei ere galdetuta

Gaztelekuko teknikari Iñigo Ugartek azaldu duenez, Euskal Herrian punta-puntan dabiltzan musikari asko ekarri dituzte azkenaldian –Idoia Asurmendi, Olatz Salvador, Olaia Inziarte, Izaki Gardenak, Janus Lester...–, eta, denetan ez bada, ia denetan agortu ziren sarrerak. Maila horretako musikariak ez ezik, talde alternatiboei edo beste maila batekoei ere eskaini gura dio oholtza gaztelekuak, eta hori izan da udazkeneko eskaintza osatzeko irizpide nagusia, aniztasuna baztertu barik: "Bestalde, herritarrei ere galdetzen diegu tarteka euren iritzia, gustua, eta ea zein talde ekartzea gustatuko litzaiekeen. Ibil Bedi, esaterako, euren proposamenetako bat izan da".

Ordutegiak

Hemendik eta urtarrilera bitartean programatu dituzten kontzertu guztiak egunez izango dira: eguerdian batzuk, eta iluntzean beste batzuk. Jon Lopezek, Gazteriako batzordeburuak, azaldu duenez, ez da irizpide aldaketarik egon ordutegiei dagokienez: "Taldeen eta egunen arabera erabaki dira".

Zein talde noiz datorren jakiteko, agenda kontsultatu daiteke.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak