Aurtengo Ibai-Lagun egitasmoa aurkeztu du Natura Eskolak datorren asterako, eta erreka izango da gai nagusia. Uraren eta ur ekosistemen garrantziaz jabetzeko, hainbat jarduera an- tolatu ditu urriaren 13tik 17ra.
Erreken azterketa, herritarrekin
Egingo diren ekitaldietan artean dago, adibidez, Oñati eta Olaran erreken azterketa, eguaztenean. Bi erreka horien ezaugarri fisikoak eta biologikoak aztertuko dituzte, probak eginez, eta emaitzak Eusko Jaurlaritzara bidaliko dituzte.
Herritarren zientzia erabilita egingo dute herriko erreka bien egoera ekologikoa ezagutzeko neurketa eta azterketa. Hau da, ekimenera batzen diren herritarrek Natur Eskolakoen azalpenak jasoko dituzte eta eurekin batera errekara joango dira gero, eta han datuak bilduko dituzte, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Saileko Ibaialde programara bidaltzeko, zientzialariek erabil ditzaten. Errekara jaitsi eta ikusten dutena arretaz ikertuko dute, datuak jasotzeko. Adibidez, landaretzaren eta faunaren presentzia dagoen edo ez, egotekotan zer landare edo animalia mota dauden, uraren kalitatea, eta gizakiaren esku-sartzea zenbaterainokoa den ere jasoko dute; hau da, hondakinik dagoen, solidoak edo kimikoak diren eta baita inguruan ondare etnografikorik dagoen.
Deialdia irekia da eta interesa duen edozein herritarrek eman dezake izena, Natur Eskolan – natureskola@yahoo.es edo 943 71 64 04–, hilaren 13a aurretik.
Erreka garbiketarekin bukatu
Irteera horrez gain, liburu aurkezpen bat eta dokumental baten emanaldia ere egingo dituzte. Vivir con el río; desafíos ante el riesgo de inundación da liburua, eta Joserra Diez biologoa etorriko da, martitzenean, liburuaz eta gaiaz berba egitera. Dokumentala eguenean emango dute; Joanne Stevens egilearen Ríos en peligro. Ekitaldi biak zinema-aretoan izango dira. Bailara mailan egiten den erreka garbiketako ekimenaren bueltan antolatu du aurten ere Natur Eskolak Ibai-Lagun egitasmoa, eta zapatuko erreka garbiketarekin bukatuko da.
Ekitaldi guztiak agendan daude jasota.