Etorkizuneko Oñati nolakoa izango den jasotzen du Hiri Antolamenduko Plan Orokorrak: etxebizitzak non egingo diren, industriaguneak non aurreikusten diren, berdeguneak nolakoak izango diren edo balizko kirol instalazio berriendako tokia non aurreikusten den, esate baterako. Hori lantzen ibili da Udala eta hasierako dokumentua egin eta hilaren 18ra arte ikusgai egon den erakusketa prestatu du. Eguenean, 17an, erakusketa horretan jasotzen den informazioa, hasierako dokumentua, azaldu zien herritarrei Santa Ana antzokian. Izaro Elorza alkatea, Iñigo Ruiz hirigintza batzordeburua eta lanaren lanketarekin diharduten Sabai Arkitektoak eta Araudi enpresetako ordezkariak egon ziren bileran.
Oinarriak
Bilera horretan azaldu zuten, besteak beste, prentsa oharrak dakarrenez, HAPOaren oinarriak finkatzeko saioetan –herritarren proposamenak jasota– erabaki zela herrigune kohesionatu baten alde egitea –hurbiltasuna eta zerbitzuetara heltzeko erraztasunak eskaintzea–; etxebizitza berriak herrigunetik gertu dauden lurzoru urbanizagarrietan egitea –lurzoru ez-urbanizagarriak ez okupatzen saiatzea–; ingurumena zaintzea eta lehen sektorearentzat garrantzitsuak izan litezkeen lurrak interes berezikotzat hartzea; iraunkortasuna ardatz, klima larrialdiari aurre egin eta energia berriztagarrien sorkuntzarako azpiegiturak instalatzeko aukerak eskaintzea; eta berdintasun ikuspegi batetik zaintza erraztuko duen herri bat eraikitzea.
Atalka antolatuta
Hainbat ataletan dago antolatua zuten HAPOaren hasierako onarpen dokumentuaren erakusketa eta horietako bakoitzari loturikoak azaldu zituzte aurkezpenean. Etxebizitzaren alorrean, esaterako, 751 etxebizitza berri ditu aurreikusia plan berriak -horietatik 150 babes ofizialekoak lirateke, eta, 186, tasatuak-. Jarduera ekonomikoen atalari dagokionez, industriarako lur erreserba sortzeko aukera aztertzen ari dela jakinarazi zuen Udalak. Espazio libre eta berdeguneei lotuta, bestalde, ibaia berreskuratzea eta balioan jartzea bilatzen du planak; horrek, nabarmen handituko luke aisialdirako eta ingurumen-babeserako espazioa. Eta landa eremua babestea ere badu helburu planak, hala lehen sektoreari lotutako lurrak eta jarduerak nola paisaia eta natura-balioak.
Iñigo Ruiz Barron Hirigintza batzordeburuaren esanetan "epe luzeko" plan bat lantzea izan da helburua: "Identifikatuak ditugu etorkizuneko erronkak, ezagutzen dugu orain arteko bilakaera eta badakigu nora joan nahi dugun. Urteetako lanketa izan ohi da HAPOarena; hala dago egin beharra, epe luzeko plan bat landu nahi bada. Parte hartze saio, kontsulta eta kontraste ugari dituen prozesua da". Izaro Elora alkateak nabarmendu du HAPOa ez dela "edonolako erreminta" herria nolakoa izango den zehatuko duela eta "norabide horretan" jarriko duela Oñati. "Garrantzitsua da prozesua berme guztiekin egikaritzea, dagokion denbora eskainita herritar zein eragileekin batera egitea. Hainbat partaidetza saio izan dira prozesuan zehar, eta horietan zehaztu da herri honek hartu beharreko norabidea. Hasierako onarpen dokumentuak hori izan du oinarri".
Urtea bukatu aurretik onartu gura dute
Hasierako onarpenerako dokumentua jendaurrean dago eta HAPOaren fitxa partikularrak ere udalaren webgunean irakur daitezke. Bitartean, HAPOaren inguruko irizpena emango du Aholku Kontseiluak. Urtea amaitu aurretik, osoko bilkurara eramango dute dokumentua, hasierako onarpenerako. Alegazio-epea zabalduko da une horretan: "Epeak 45 eguneko gutxieneko epea zehazten duen arren, alegazio-epea hiru hilabetera luzatzea erabaki du Udalak, herritarrek dokumentua aztertzeko eta ekarpenak egiteko denbora nahikoa izan dezaten", adierazi du Udalak.