HAPOrako Aholku Kontseiluan parte hartzeko dei egin die eragileei Udalak

Oihana Elorza Gorostiza

HAPOaren hasierako onarperako edukia jasotzen duen erakusketa.

Deialdiarekin batera, erakusketa dago ikusgai Santa Ana antzokiaren sarreran. HAPOaren hasierako onarpenerako edukia eta irizpide nagusiak laburbiltzen ditu informazio panel handietan; planaren proposamen nagusiak, aurreikusitako garapenak eta etorkizuneko Oñatirako planteatzen diren irizpideak.

Urtea bukatu aurretik onartu gura du Udal Gobernuak Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren –HAPO– behin behineko edukia, hau da, datozen hamarkadetan Oñatiko lurralde-antolamendua baldintzatuko duen oinarrizko dokumentua. Hala, tramitazioa berraktibatuko du eta Aholku Kontseilua berritu behar du horretarako. Herriko elkarte eta eragileek osatutako kontsulta organoa da hori eta deialdi berezia egin die eurei Udalak, parte hartu dezaten. Aholku Kontseiluaren lana da HAPOaren prestaketan eta tramitazioan aholkularitza eta ekarpenak egitea. Plana onartu ostean ere, egiturazko antolamenduari eragiten dioten berrikuspen, aldaketa edo plangintza-tresna berriak izapidetzen direnean ere elkartuko da, prozesu horien berri jaso eta bere iritzia emateko.

Legez eratutako elkarte nahiz bestelako herri-eragile antolatuetako ordezkariak izan daitezke Aholku Kontseiluko kide. Adibidez: landa auzoak, auzo-elkarteak, ingurumenaren babesa, abeltzaintza eta
nekazaritza, basogintza, kultur ondarea, kirola, dibertsitate funtzionala, merkataritza eta ostalaritza,
mugikortasun iraunkorra, enpresa-elkarteak, sindikatuak, gazteria, hirugarren adina, talde feministak,
kultur- eta jatorri-aniztasuna eta eskola-komunitatea, besteak beste.

Aholku Kontseiluan parte partzeko, baina, izena eman behar dute –udal webgunean sartuta zein HAZ bulegora joanda– eta horretarako azken eguna da hilaren 18a.

Erakusketa Santa Anan

Bitartean, HAPOaren hasierako onarpenerako edukia eta irizpide nagusiak laburbiltzen dituen erakusketa dago ikusgai Santa Anan; planaren proposamen nagusiak, aurreikusitako garapenak eta etorkizuneko Oñatirako planteatzen diren irizpideak jasotzen dira hor. Erakusketa hilaren 18ra arte dago zabalik, 10:00etatik 18:00etara.

Irailaren 17an, 18:00etan, egingo dute lan horren jendaurreko aurkezpena, antzokian bertan.

Santa Anan ikusgai dagoen erakusketa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak