- Argazkia noizkoa: 1950. hamarkada
- Herria: Oñati.
- Argazkilaria: Ezezaguna.
- Artxiboa: 'Antxinako Zubillagari begirada bat' liburua.
Baloiarekin ageri da auzoko mutiko kuadrilla hori. Orduan, Zereñera –Aurrekomendi– joaten omen ziren mutilak futbolean jokatzera. Baloi bat erosteko txatarra bildu eta saldu egiten zutela jaso dute auzotarren testigantzekin osatutako liburuan Eli Igartzabal eta Axun Billar auzotarrek: "Pilotan, iltze fabrikako atea izaten zuten pilotaleku. Bolotan, diruarekin aritzen ziren, eta intxaurrondo baten enborreko zuloan sartzen omen zuten dirua".
Jolasak baserriko lanekin partekatzen zituzten orduan auzoko umeek: "Ganaduaren zainketa, itaurrean ibiltzea, belar iharrari buelta ematea, su-egurra biltzea, iturritik ura ekartzea...". Jolaserako, errepidea ei zen eurendako jolasleku ona: "Sokasaltoan aritzeko ez genuen baserrian soka faltarik, gurdian ziburuka ibiltzen ginen: bat burtiunean hankalatraba jarri, besteok atzean eseri eta gora eta behera. Zakarranketan. Tortolosekin; zapakonak ere deitzen genien. Haiekin ibiltzeko, pilotatxoak trapu zaharrekin egiten genituen. Txirikiletan ere ibiltzen ginen: txirrifika eta tres navios en el mar eran ere bai". Bestetik, buztinarekin egiten omen zituzten kanikatxoak, jolasteko. Udan, berriz, erreka izaten zuten jolastoki gustukoa: "Erguña errekatxoa gustatzen zitzaigun, batez ere". Auzotar batek baino gehiagok ikasi zuen igerian errekan.
Kartetan ere bai
Auzoan karta-jokorako joera handia zegoela ere jaso dute liburuan egileek. Emakumeak etxeren baten trukean ibiltzen omen ziren, eta gizonak tabernan edo elkartean, musean.
Puntua aldizkariaren 509. zenbakiko Argazki zaharra atalean argitaratutakoa da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.