Natxo de Felipe: "Uste dut pozik eta harro egoteko moduko lan bat egin dugula"

Gontzal Belategi Zubia 2026ko abuztuaren 22a

Natxo de Felipe, Arantzazuko emanaldian.

Hainbat urtez plazaz plaza izan da Natxo de Felipe musikaria, Oskorri taldearekin. Hamaika urtez musikatik aldenduta egon ostean, eszenatokietara itzuli da, Kuarteto Philiperenaren laguntzarekin.

Hamaika urte igaro dira Oskorrik agur esan zuenetik, eta geroztik musikaren mundutik aldenduta bizi izan da Natxo de Felipe (Bilbo, 1949) musikaria. Hala ere, eszenatokietara itzuli da Kuarteto Philiperenarekin batera, Abandonatuak emanaldiarekin, eta arantzazu izan du lehen geraleku.

Zer moduz joan da emanaldia?
Ni oso pozik nago. Nerbioengatik galdetzen du jendeak, horrenbeste urtetan eszenatokietan ibili ostean ez dudala nerbiorik izango esanaz. Falta zena! Ni oso urduri atera naiz, eta hirugarren edo laugarren kantuan jendearekin harreman polita zegoela ikusi dudanean lasaitu naiz. Baina, ondo joan da, pozik.

Arantzazun izan da eszenatokietarako itzulera, ondo erantzun du?
Bai, esperantza handiak genituen. Gonbita egin zigutenean nahiko berme iruditzen zitzaigun Patrick Alfayaren, hamabostaldiko zuzendariaren, partetik etorri izana. Iruditzen zitzaidan usaimen ona zuela gauza hauetarako, eta hurrengo urteko kontzerturako proposamena egin bazigun zerbaitegatik zela. Semeak (Xabier de Felipe) ere egin zuen bultza itzulera honetarako. Luzea izan da prestaketarako prozesu guztia, baina asko disfrutatu dugu bidea, eta gaurkoan baita, jakina.

"Luzea izan da prestaketarako prozesu guztia, baina asko disfrutatu dugu bidea, eta gaurkoan baita, jakina"

Hamaika urte igaro dira Oskorrik agur esan zuenetik; kosta egin da makinaria guztia berriro martxan jartzea?
Beno, ez dakit kosta egin zaidan. Konturatu naiz ez nengoela horren desentrenatuta. Grabaketarako hainbat entsegu egin genituen, eta publikoan kantatu gabe urte asko pasatu ditudan arren ondo sentitzen nintzen. Gero, diskoa egiteko zerbait bai. Disko bat egitea oso klaustrofobikoa da, baina dena den, oso ondo egin genuen. Bereziki bigarren zatian, nire ahotsa grabatu behar nuenean Jean Phocasen etxean Hendaian (Lapurdi), oso ondo sentitu nintzen. Gero, berak prestatu zizkidan playback batzuekin etxean ibili naiz egunero-egunero entseatzeko kontzertu bat egiten. Orduan, ez dut horrenbesteko ezberdintasunik nabaritu. Orain dela hamaika urte forma onean nengoen, baina, orain ere ez nabil gaizki.

Faltan botatzen zenituen eszenatokiak?
Ez, hori ez! Egia esan ez nuen horretarako asmorik, eta liadatxo bat izan da. Semearen partetik etorri da bereziki, eta niretzat ere, azkenean, gauza polita izan da. Semea Euskadiko Orkestran dago, Kontzertino laguntzaile bezala lanean, postu garrantzitsu batean. Inoiz ez gara eszenatokietan elkarrekin ibili, eta honek aukera eman digu horretarako. Esperientzia oso aberasgarria izan da. Hurrengo emanaldietan ere horrela izango da. Hurrengo astean Bilboko (Bizkaia) Arriagan egingo dugu. Gerora, Donostian; Iruñean; Baionan;... ere egoteko asmoa dugu. Beste dozena erdi bat kontzertu egiteko asmotan gabiltza, baina hortik aurrera akabo.

"Uste dut ezkontza hori, Oskorriren nortasunaren eta Kuartetoek edo musika klasikoak duen presentziaren oreka hori ondo egin dela"

Osokorrik bere bidea amaitu zuen, baina 'Abandonatuak' emanaldiak taldeak argitaratu gabeko kantak ditu oinarri; zergatik erabaki hau?
Kantu gehienak Oskorrik argitaratu gabe utzitako kantuak dira, horregatik deitzen da diskoa 'Abandonatuak'. Nik egindako kantuak karpeta batean nituen ordenatuta, partiturak ondo eginda. Erretiratu ginenean esan nien lagunei: “Egun batean aterako ditut kantu hauek eta ikusiko duzue zelako lotsa pasatuko duzuen gero jendeari kantu hauek bere garaian zergatik ez ziren atera azaltzerakoan”. Antzinako pare bat kantu ere errekuperatu ditut, arreglo berriekin, baina bai, gehienak abandonatuta gelditu ziren kantuak dira. Gero ere etorri zaizkit barrezka: “Kar, kar, kar, ikusi gure Natxo zaharrak zer kontatzen duen”. Hala ere, orain ikusi dute nik esandakoa bete egiten dudala, eta hori izan da kontzertua. Etorri dira emanaldia ikustera, eta hortik izango dira, elkar agurtzeko zain. Oso pozik nago lagunak berriro ikustearekin.

Emanaldietan izateko aukerarik ez duenak diskoa eskuratzeko aukera izango du; zer espero dezakete entzuleek 'Abandonatuak' diskotik?
Esango nuke kantuen konposaketak nireak diren heinean, eta arregloak Oskorrik jotzeko eginda zeuden heinean, Oskorriren atmosfera edo estilo hori aurkituko dute, baina, hizkera ezberdin batean. Kuartetoko egokitzapenak atmosfera erabat ezberdina ematen die kantuei. Uste dut ezkontza hori, Oskorriren nortasunaren eta Kuartetoek edo musika klasikoak duen presentziaren oreka hori ondo egin dela. Ez da ni bilbotarra naizelako, baina, benetan uste dut pozik eta harro egoteko moduko lan bat egin dugula. Diskoak egun ez dira horrenbeste eramaten, baina galdu nahi ez duenak eraman egin beharko du.

Erlazionatuak

Natxo de Felipe & Kuarteto Philiperena, Arantzazun

Gontzal Belategi Zubia abu 21, 11:17 Oñati

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak