Berriz aktibatu da Aloñako sutea, "baina momentuz, txikia da"

Eneko Azurmendi Barrena 2026ko uztailaren 10a

Atzo, 21:21ean, ekaitz elektriko baten ondorioz, larre-eremu bati eragin zion baso-sute bat piztu zen Aloña mendian –Gorgomendi–. Itzaltzea lortu bazuten ere, 04:45ean berriz aktibatu da. Oraingoz, 1.700 metro karratu erre dira –0,17 hektarea–.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendi Zerbitzuek baieztatu dute goizaldean berriz aktibatu dela atzoko sutea. "Atzo gauean hiru basozain ibili ziren eremua kontrolatzen eta itzalitzat eman genuen sutea. Edozelan ere, 04:45ean, abisua jaso dugu berriz aktibatu egin dela esanez", azaldu du Mendi Zerbitzuko irrati operadore Igor Elorduik.

Gaineratu dute, ordea, sutea motel doala eta ez daukala arriskurik. "Sarbide zaileko eremu bat da, malda handiko eta segurtasun-baldintza konplexuko ingurune batean. Egoera horrek baso-suteen aurkako lantaldeen esku-hartze zuzena eragozten du, ezin baitira lurrean lan egiteko beharrezko segurtasun-baldintzak bermatu". Horrez gain, behe-lainoa ere oztopo izaten ari da itzaltze-lanetarako.

Lehen unetik, lanean

Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendi Zerbitzuak basozainak mobilizatu zituen lehen unetik, eta suteak izandako bilakaera zaintzeko, jarraitzeko eta teknikoki ebaluatzeko lanak egiten ari dira ordutik.

Lan horiek Mendi Zerbitzuko baso-teknikariek gainbegiratu eta zuzentzen dituzte, sutearen portaera eta itzaltze-bitarteko egokienak mobilizatzeko aukera, sutearen bilakaera, baldintza meteorologikoak, irisgarritasuna eta esku-hartzearen segurtasuna kontuan hartuta.

Argazkia eta bideoak: Mendi Zerbitzuak.

Erlazionatuak

Tximista batek sute txiki bat piztu du Aloñan

Ibai Irasuegi Garai uzt 09, 22:03 Oñati

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak