'Basajaun'-en heriotza argitu nahi duen Egia Ilunpetik Argira ekimena aurkeztu dute Oñatin

Itziar Larrañaga Sarasola 2026ko ekainaren 11

Ilunpetik Argira ekimeneko kideak eta Gure bazterrak taldeko Ander Lizarralde Oñatiko Kultur Etxean.

29 urte igaro dira Josu Zabala Basajaun ETAko kidea hilda agertu zenetik, eta ordutik, benetan gertatu zena argitu nahian aritu dira familia eta gertukoak. Bertsio ofizialaren arabera, bere buruaz beste egin zuen tiroz; familiarentzat, aldiz, Espainiako segurtasun indarrek hil zuten.

Orain baina, Pako Aristi idazlea gertakarien inguruko liburu bat idazten ari da, eta era berean, dokumental bat egiteko aukera ere izan du familiak. Gaur, ikerketa horren berri eman du Egia Ilunpetik Argira elkarteak Oñatiko Kultur Etxean.

Aristi da, hain justu, Etxarri Aranatzen sortu den Egia Ilunpetik Argira ekimena Oñatirekin lotzen duena; izan ere, Gure Bazterrak taldekoek eta Aristik idatzi zuten Irunberri 1990: arroilaren negarra liburuaren harira ezagutu zuten elkar. Liburu hori idazteko ikerketan izandako esperientzia baliagarria izan da Josu Zabalari gertatutakoa aztertzen hasteko. 

Basajaun 1997ko martxoaren 27an aurkitu zuten tiroz hilda, Debako Mendata gainean. Bere buruaz beste egin zuela ondorioztatu zuen ikerketa ofizialak; familiaren arabera, baina, hainbat datuk erakusten dute ez zela halakorik gertatu, besteak beste, gorpuaren ondoan agertutako pistolak hatz-aztarnarik ez izateak eta herdoilduta egoteak, eta bereziki, bala agertu ez izanak. Heriotza eta horren aurreko gertakariak argitzeaz gain, Josu Zabala zelako pertsona zen erakustea ere bada elkarteko kideen helburua. Laguntza ere eskatu dute, norbaitek gaiari lotutako edozein informazio balu, elkartearekin harremanetan jartzeko aipatuz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak