90eko hamarkadan izan zen Quimi Portet (Vic, 1957) estreinakoz Oñatin, Ruper Ordorikaren eskutik. Harrezkero, urtean behin, behintzat, oporretan Oñatira etortzeko ohitura du.
Zer moduz joan da Oñatira egin duzun azken bisita?
Ederto! BECeko bi kontzertuen artean lau eguneko egonaldia egiteko aukera izan dugu bikotekideak eta biok. Lagun asko ditugu han, eta oso gustuko dugu herria, duen paisaiarengatik, historiagatik, eta, bereziki, herritarrengatik.
Manolo Garcia taldekidea ekarri duzu oraingoan. Gustura ibili da?
Bai; oso pozik. Ruperrek eta biok egin genizkion gidari lanak, Arantzazun eta Oñatiko kaleetan zehar ibili ginen eta lagunen elkartean afari dibertigarria eta gozoa egin genuen.
Aspaldiko laguna duzu Ordorika.
80ko hamarkadan ezagutu genuen elkar, Bartzelonan, eta, harrezkero, harreman handia dugu. Bitxikeria moduan, El Ultimo de la Filaren estreinako bira handian, 80ko hamarkada amaieran, Euskal Herriko kontzertuetako telonero jardun zuen. Harrezkero, bataren zein bestearen eta baita Manoloren emanaldietan eta lanetan ere sarritan kolaboratu izan dugu hirurok. Horrez gainera, Ruperren Dabilen harria disko handia nik ekoiztu nuen. Bizitzaren ikuskera bera edo oso antzerakoa dugu eta gauza asko partekatzen ditugu elkarrekin.
Omenaldi polita egin zenioten, Martin Larralde kantua BECeko kontzertuetako errepertorioan sartuta.
Izan ere, ikaragarria da kantu hori! Eta Ruperrekin berriz taularen gainean egotea, itzela!
Gustura BECen egin dituzuen kontzertuekin?
Oso pozik, egiten ari garen birako beste kontzertuen ildo beretik. Taldea oso konpaktua da, oso soinu ona du eta publikoarekin asko konektatzen duen errepertorioa da. BECekoa izan da, gainera, areto barruan egin dugun birako kontzertu bakarra. Areto barruan egiteak balio erantsia du guk egiten dugun musikan; modu baten esanda, soinu rock-and-rolleroagoa eta indartsuagoa.
Alboan dituzuen musikariak ez dira nola halakoak, ezta?
Sekulakoak dira! Hauek daude Manolorekin eta biokin batera taularen gainean: Gasteizko Angel Celada, bateria-jolea; Antonio Fidel, baxu-jolea; Juan Carlos Garcia, bateria eta teklatuekin; Josep Lluis Perez, gitarra-jolea; Pedro Javier Gonzalez, gitarra espainolarekin; Sara Garcia, gitarrarekin eta teklatuekin; eta koruak egiten dituzten Eva Reina eta Irene Miller.
Eta nola portatu zen publikoa?
Ederto! Nahasketa polita zegoen, adin askotarikoak eta toki askotatik etorritakoak elkarrekin; zorionekoak gara! Eta publiko horren baitan jende ezagun asko; polita da hori, nahiz eta jende ezaguna egoteak presio puntu bat sortzen didan niri. Frontman oso berezia da Manolo, publikoarekin asko konektatzen duena, eta hala izan da BECeko kontzertuetan ere.
Euskarazko keinu asko egin zenituzten, eta eskertzekoa da hori.
Hala tokatzen zen. Katalanok eta euskaldunok ondo ulertzen dugu hori.
Orain dela urte asko hasi zinen euskara ikasten; zer dela eta?
Euskaldunon artean nengoenean ez zitzaidan gustatzen elkarrizketaren hizkuntza nigatik aldatzea, eta saiatzea pentsatu eta barnetegira joan nintzen garai baten. Hala ere, maila oso baxua dut, ez pentsa; azkeneko urteetan asko galdu dut, baina ahal dudan guztietan saiatzen naiz hitzen bat edo beste esaten.
Biraren ostean, zer gertatuko da El Ultimo de la Filarekin?
Egia esan, ez dakigu; halako bira handi batek aukera ematen dizu ez pentsatzeko, eta hala ari gara, oraina bizitzen.
Eta zer diozu zure musika proiektu pertsonalei buruz?
Taldea banandu zenean, musikan jarraitu dut eta dagoeneko hamaika disko argitaratu ditut, katalanez guztiak. Urtean hogei kontzertu egiten ditugu, gutxi gorabehera, Kataluniatik atera barik; oso garrantzitsua da, guretzako, kontzertuaren egunean etxean lo egitea; kar-kar. El Ultimo de la Fila baino proiektu askoz xumeagoa da, baina oso ondo pasatzen dugu.
Noiz itzuliko zara Oñatira?
Datozen hilabeteotan ezinezkoa izango da. Ea datorren urteko Corpus jaietan etortzeko aukerarik dugun, aurten ez da-eta posible izan. Ruperri bezala, izugarri gustatzen zait ospakizun hori, eta askotan izan naiz. Oso hunkigarria da dantzariek elizan dantzan egiten duten unea, baina Aita gurea abesten duten momentua ikaragarria da ni bezalako kanpotar batendako.