Urte askoan egindako lana, "bihotzez" eskertuta

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2026ko maiatzaren 31

Jose Antonio Azpiazu, Artixako dideekin eta alkatearekin, ekitaldiaren amaieran.

40 liburutik gora idatzi ditu Jose Antonio Azpiazuk (Legazpi, 1944), askotariko pasarte historikoen ikerketen fruitu, bada, "merezitako aitortza" jaso zuen egubakoitzean herriko Artixa elkartearen, Udalaren eta herritarren eskutik. 

Lepo bete zuten aretoa, profil ezberdineko herritar askok gainera, kanpotik etorritakoek ere. Ondo, eta bihotzetik, landutako ekitaldi bat zela igarri zen lehenengo minutuan. Irati Barrena aurkezleak, sarrera txiki batekin, Artixa taldeko Xabier Zelaiari eman zion hitza segituan. Aspaldiko lagun eta Artixa-kideak dira Azpiazu eta bera, eta lagun baten ikuspegitik egin zion berba. Agustinoetako lagunek, Oñatiko Klub koadrillak, hartu zuen lekukoa zine aretoko pantailan, garai bateko kontuak gogora ekarrita. Lankide ohi askoren bideoak erakutsi zituzten ondoren, horien artean, Jakintza ikastolarena, MUko Enpresagintza fakultateko Ander Belokirena, eta historialari askorenak ere bai, gertuko Jerardo Elortzarenak, horien artean.

Azpiazu, familiarekin eta Udal ordezkariekin ekitaldian.

Elkar argitaletxeko Antxine Mendizabalek Azpiazuren ikerketak eta liburuak goraipatu zituen lanen gai aniztasuna txalotuta. Oñatiko Soziologia Institutik, Gipuzkoako Artxibo Historikotik ere jaso zituen eskerronak eta baita familiiakoen eta bestelako lagunen artetik ere. Lehenengo ilaratik entzun zituen Azpiazuk, emaztea, seme-alabak, ilobak, alkatea eta Kultura zinegotziaren ondoan eserita. Pozik, emozionatuta, eta harrituta ere bai; izan ere, orain dela gutxi jakin zuen omenaldiaren berri, baina detaile asko ezkutatu egin zizkioten, eta sorpresa asko jaso zituen, bideoei begira.

Eserlekutik jaiki eta mikroa hartzeko txanda heldu zitzaion protagonistari, eta broma antzean "bi minutu besterik ez zizkiotela eman esanez", jasotako laudorio guztiak hunkituta eskertu zituen, mahai gainean dituen ikerketa eta bestelako proiektuekin "lanean gogotsu" jarraitzen duela gaineratuta.

Bideoko hitzartzeen ondoren, Izaro Elortza alkateak hartu zuen hitza taularen gainean, eta bihotzetik egin zuen hark ere berba, Udaleko ordezkari moduan bai, baina Azpiazuren alaba Amaia eta familiaren gertuko lagun moduan ere hitz politak esanaz. Horrenbeste hitzen ostean "ekitaldian falta ezin ziren" Oñatiko Abesbatzako lagunek kantuan egin zioten abesbatzako kide ere baden Azpiazuari.

Oñati abesbatza, Azpiazuren omenez kantuan.

Opariak ere bai

Ederto lotu zituen istorio horiek aurkezleak, eta adi-adi eta emozionatuta, txaloak askotan joaz publikoa, ordubete baino gehiago iraun zuen ekitaldian. 

Bihotza beteta gainera, bi opari gehiago eraman zituen Azpiazuk etxera: idazluma bat eman zioten Artixakoek eta margolan bat jaso zuen Udalaren eskutik. Ekitaldiaren ondoren, eman eta jaso zituen besarkadak ere ez ditu laster ahaztuko, aretoan nabari zen, baina, emozio hori ez zuela bakarrik protagonistak. 

Azpiazu eta alkatea, Udalak oparitutako oparia eskuetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak