Jaiotzez legazpiarra den Azpiazuk dibulgatzaile eta ikertzaile moduan egindako lanari aitortza egingo diote. "Jose Antoniok bizitza osoa eman du gure Historia ikertzen eta zabaltzen, Euskal Herrikoa eta Oñatikoa. Harenlanek, ikerketek eta argitalpenek gure gizartea eta kultura aberasten lagundu dute, gure iraganaren eta mendeetan zehar herri
gisa izan dugun historiaren ikuspegi bat eskaintzeko. Izan ere, Euskal Herriaren iraganaren interpretaziorako sarbidea erraztu egin du, gure arbasoek utzitako dokumentuak aztertuz. Jose Antonioren lanek iraganean euskaldunok izan ditugun jarrerak ezagutzeko balio izan dute. Era berean, dibulgatzaile aparta da; izan ere, 40 lanetik gora dauka argitaratuta", azpimarratu dute Artixako kideek.
Omenaldi xumea
Omenaldia "xumea baina hunkigarria" izango da. Irati Barrena kazetariak gidatuko duenekitaldian, Azpiazuri buruz egindako bideo bat emango dute. Ostean, askotariko hitzartzea egongo dira: Jakintza ikastolako Maria Luis Markuezkiaga eta Angel Gonzalez Chavarri, Enpresagintzako Lander Beloki, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko Maria Rosa Ayerbe eta Pedro Berriochoa, Nazioarteko Lege Soziologia Institutuko kide Enzo Ferrari eta Elkar argitaletxeko Antxine Mendizabal, besteak beste. Horietatik guztietatik pasa da Azpiazu, lan egiteko edo ikerketaren bat osatzeko. Alkateak ere parte hartuko du. "Ezustean harrapatu nauen arren, ez nago urduri. Esan didate hitz batzuk bakarrik prestatzeko amaierarako. Dena den, oso eskertuta nago. Omenaldi hauek beti dira politak; eta ohorea da", esan dio GOIENAri Azpiazuk.
Etxekoak eta lagunak ere ekitaldian egongo dira: lagun historialariak, musikariak, Agustindarretako lagunak, Oñati abesbatza... Ekitaldia irekia da, herritar guztiendako.