Oñatiko Udalak ia 39.000 euro ordaindu beharko dizkio langile ohi bati

Eneko Azurmendi Barrena 2026ko maiatzaren 27a

Oñatiko udaletxea.

Mantentze arloko langile ohi bati 38.678,50 euro ordaindu beharko dio, "haren osotasun fisikoa urratzeagatik", Eibarko Instantzia Auzitegiko Lan Arloko Atalaren epaiaren arabera.

Duela hilabete, apirilaren 21ean, eman zuen epaia Eibarko Instantzia Auzitegiko Lan Arloko Atalak. Epai horrek dio Oñatiko Udala dela langileak 2024ko otsailaren 29tik 2025eko urriaren 22ra arte "aldi baterako ezintasun egoeran jasandako kalteen" erantzule, eta, beraz, erantzukizun zibileko 38.678,50 euro ordaindu beharko dizkio langile ohiari.

Bi sententzia irmotan oinarritzen da ebazpen judiziala, Eibarko Instantzia Auzitegiko Lan Arloko Ataleko epaile titularraren esanetan. "Lehenengoak ezarri du enplegatzaile demandatuaren erantzukizuna langileari kaltea eragitean, ordenamendu juridikoak ezartzen dizkion segurtasun-neurriak ez betetzeagatik. Bigarrenak, aldiz, zehaztu du kausaltasun-harremana dagoela demandatzaileak iraun zuen aldi baterako ezintasunaren egoeraren eta udal demandatuak aipatutako ez-betetzearen artean".

ELA sindikatua eta Bidelagun –ELAren lan-osasuna sustatzeko fundazioa– "pozik" azaldu dira epaiarekin. "Ebazpen judizial horrek agerian uzten du administrazio publikoetan prebentzio-kulturaren gabezia dagoela, eta lan-osasunaren babesa oraindik ere konpondu gabeko gai dela sektore publikoan ere".

Udalak bereari eusten dio

Iazko uztailean, bi sententziak iritsi zirenean, Udalak nabarmendu zuen "osasun, segurtasun eta lan-arriskuen prebentzio enpresak (Quiron) egindako gomendioak jarraitu" zituela uneoro eta orain ere, dio, orduko hartan egindako irakurketari eusten diola. "Une batzuetan, gainera, gomendaturikoak baino segurtasun neurri zorrotzagoak ezarri zituen Udalak, eta, beraz, beste hainbaten artean, lana segurtasunez egiteko beharrezkoak diren EPIak eta formazioak eman zizkion langileari".

Zera gaineratu zuen orduan: "Quironen txosten argirik ez zela iristen ikusirik, Udalak prebentiboki erabaki zuen langileak lan horiek ez egitea, ohiko lanetatik kentzea. Bestalde, auzo-alkateei gogorarazi zien produktu horiek erabiltzea ezegokia zela. Egin zituen sastrakak kentzeko lan gutxiak udaleko eremu seguru batean izan ziren, non ez den produktu kimikorik erabiltzen. Laburbilduz, 2023ko ekainean iritsi zen txostena (agente kimikoei esposiziorik ezin zuela izan, non ofizialki ziurtatzen den arazoa hori dela eta ezin duela horiekin lanik egin). 2023ko apiril bukaeratik, langileak ez zuen sastrakak kentzeko lanik egin landa guneko bide bazterretan. 2023an, egun bakarrean egin zituen lan horiek, txostena heldu aurretik."

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak