"Mantenuko langile baten osotasun fisikorako eskubidea urratzeagatik" zigorra jaso du Oñatiko Udalak bi epaitan

Oihana Elorza Gorostiza 2025ko uzt. 18a, 16:34

Oñatiko udaletxea.

ELA sindikatuak jakinarazi duenez, Eibarko Lan Arloko Epaitegi Bakarrak Oñatiko Udala zigortu du bi epaietan "mantenuko langile baten Osotasun Fisikorako Eskubidea urratzeagatik". Udala argitu du "Osasun, segurtasun eta lan-arriskuen prebentzio enpresak (Quiron) egindako gomendioak jarraitu" dituela uneoro. 

ELAren Bidelagun fundazioak jakinarazi duenez, Eibarko Lan Arloko Epaitegi Bakarrak Oñatiko Udala zigortu du bi epaietan "mantenuko langile baten Osotasun Fisikorako Eskubidea urratzeagatik". Epai horien arabera, 2024ko otsailaren 29an hasitakoa langilearen baja lan istripu baten ondorioa dela gaineratu du eta pozik azaldu da epaiekin; uste du "agerian uzten duela administrazio publikoen prebentzio falta".

Sindikatuak bidalitako prentsa oharrak jasotzen duenez, Lehenengo epaiak dio 2022 eta 2024 urteen artean langileak izandako lau bajak produktu kimikoekin kontaktua izateagatik izan direla, lanpostuaren egokitzapen faltagatik sortutako dermatitisaren ondorioz. "Izan ere, langileak alergikoa izan arren sastrakak garbitzeko erabiltzen den produktu kimikoei, Udalak ez zuen behar bezalako arduraz jokatu langilearen osasuna babesteko". Bigarren epaiak ondorioztatzen du langilearen antsietate baja eratorri dela ikusteagatik "Oñatiko Udalak ez zuela neurririk hartzen bere osasuna bermatzeko". "Belar-sastrakak garbitzeko lanak egitera bidaltzen zuten, alergia eragiten zioten produktu kimikoen eraginpean lan egitera behartuz". Honela dio epaiak, oharrean jaso duenez: "Udalak bazekien demandatzaileak mugak zituela eskuzko belar-sastrakak kentzeko eta erabiltzen ziren agente narritagarriekin lan egiteko. Lekuko-frogaren bidez, frogatu zen 2023ko maiatzaren 19ko Segurtasun eta Osasun Batzordea demandatzailearen egoerari buruzkoa izan zela, eta alkateak ere horri buruzko adierazpenak egin zituela. Gainera, egiaztatuta geratu da, halaber, langileen ordezkariek bilera eskatu ziotela alkateari 2023ko urtarrilaren 10ean eta ekainaren 1ean, langilearen lan arazoa aztertzeko, baina ez zuten konponbiderik lortu”. ELAk dio: "Udalak, brigadaburuaren bitartez, langilea behartu zuten eskuz eta haize-makinarekin belar-sastrakak kentzeko lanetan aritzera, nahiz eta prebentzio-zerbitzuak, Fremap mutuak eta Osakidetzak lan horiek ez egiteko gomendatu. Horregatik, eskatzaileak bost baja izan ditu produktu kimikoek eragindako dermatitisarengatik. Udalaren jarrera ikusita, lan osasunak eta ELAk eta prebentzio zerbitzuak esku hartu zuten, baina aldaketarik lortzen ez denez, ezintasun psikologikoaren sentsazioa sortu zion langileari!".

Oñatiko Udalaren argitze oharra

Epai honen aurrean, Oñatiko Udalak hauxe argitu du: "Oñatiko Udalak, Osasun, segurtasun eta lan arriskuen prebentzio enpresak (Quiron) egindako gomendioak jarraitu ditu uneoro (are: une batzuetan, gomendaturikoak baino segurtasun neurri zorrotzagoak ezarri ditu), eta, beraz, beste hainbaten artean, lana segurtasunez egiteko beharrezkoak diren EPIak eta formazioak eman dizkio langileari. Denbora guztian egon da Udala Quironekin, Fremapekin eta INSS-ekin harremanetan eta txosten definitiboa eskatzen, EPI hobeak zeuden edo bestelako neurri prebentiborik eskaintzerik lukeen jakiteko. Quironek adierazten zuen eskaintzen ziren neurriak nahikoak zirela. Itxura denez, nahiz eta Quironek ez zigun zehazten arazoa zein zen, landa gune pribatu batzuetan partikularrek erabiliriko agente kimikoak izan zitezkeen erreakzio alergikoaren eragile. Udalak ez ditu halakoak erabiltzen".

Gaineratu du Oñatiko Udalak "beti bilatuko du langileen segurtasuna bermatzea eta horretarako neurriak hartzea", eta kasu honetan ere horrela izan dela: "Quironen txosten argirik ez zela iristen ikusirik, Udalak prebentiboki erabaki zuen langileak lan horiek ez egitea (ohiko lanetatik kendu), eta, bestalde, auzo alkateei gogorarazi zien produktu horiek erabiltzea ezegokia zela.Egin zituen desbroze lan gutxiak udaleko eremu seguru batean izan ziren, non, ez den produktu kimikorik erabiltzen. Laburbilduz, 2023ko ekainean iritsi zen txostena (agente kimikoei esposiziorik ezin zuela izan, non ofizialki ziurtatzen den arazoa hori dela eta ezin duela horiekin lanik egin). 2023ko apirila bukaeratik, langileak ez zuen desbroze lanik egin landa guneko bide bazterretan (2023an, egun bakarrean egin zituen lan horiek. Txostena heldu aurretik)".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak