Lankidetza hitzarmena sinatu dute Udalak eta Onekok

Oihana Elorza Gorostiza 2026ko maiatzaren 12a

Izaro Elorza alkatea eta Onekoko presidente Raul Garcia, hitzarmena sinatzen.

Hiru urterako hitzarmena sinatu dute Oñatiko Udalak eta Onekok, Oñatiko energia komunitateak. Aurten 10.000 euroko diru laguntza emango dio Udalak Oneko kooperatibari.

Onekoko lehendakaria den Raul Garcia Diazek eta Oñatiko alkate Izaro Elorza Arregik sinatu dute dute alde bien arteko lankidetza hitzarmena, hiru urterako. Herriko energia kooperatibari 10.000 euroko diru laguntza emango dio Udalak eta diru hori proiektuak gauzatzeko, informatiko gastuak ordaintzeko, komunikazio jardunaldiak antolatu zein kartelak egiteko edo aholkularitza zerbitzuak zein prestakuntza ikastaroak finantzatzeko izango da, besteak beste.

Lankidetza hitzarmen honekin, bakoitzaren betebeharrak eta konpromisoak ere adostu eta zehaztu dituzte alde biek. Horrela, Udala, Onekorekin lankidetzan arituko da, trantsizio energetikoaren jasangarritasunarekin lotutako ekimenak bultzatzeko; ahal duen neurrian eta aplikatu beharreko lege-esparruaren barruan, energia berriztagarriko eta energia efizientziako proiektuak garatzeko informazioa eta laguntza instituzionala emango du; herritarrei zuzendutako sentsibilizazio kanpainetan parte hartuko du, iraunkortasunaren, autokontsumoaren eta energiaren erabilera eraginkorraren arloetan eta energia-komunitatearen esparruan gara daitezkeen ekimen edo proiektu zehatzetan parte hartzeko aukera aztertuko du, besteak beste; proiektuak burutzeko lursailen edo eraikinen lagapena ere erraztuko du, ahal den neurrian.

Onekok, berriz, bere jarduera energia-kontsumoa murriztera bideratuko du, kontsumoen azterketa eta hobekuntzaren bidez; baita prestakuntza, sentsibilizazioa eta aholkularitza sustatzera ere. Era berean, mugikortasun jasangarria bultzatuko du, eta oinez ibiltzea, bizikleta, baliabide partekatuak eta garraio publikoa lehenetsiko ditu. Energia berriztagarrien sorkuntza ere sustatuko du –batez ere eguzki, eoliko eta hidraulikoa–; baita energia-eraginkortasuna hobetzea ere, bereziki eraikinen arloan, birgaitze-jarduerak barne. Bestalde, ekipamendu eta zerbitzu energetikoen erosketa kolektiboa sustatuko du, egoera zaurgarrian dauden kolektiboen integrazioa bultzatuko du haien energia-mendekotasuna murrizteko, eta antzeko erakunde eta kooperatibekin lankidetza indartuko du.

Zeharkako hiru irizpide hauek ere kontutan hartuko dituztela jasotzen du alde biek sinatutako hitzarmenak: lankidetza euskaraz bideratzea, berdintasuna eta ingurumenarekiko errespetua.

Batzar orokorra hilaren 20an

Oñatiko Energia Komunitatea kooperatibak, bazkideen urteko batzar nagusia egingo du maiatzaren 20an, Eltzian –hirugarren solairuko gela balioanitza–, 18:00etan lehen deialdian, 18:30tan bigarren deialdian, eta, bestela, 19:00tan hirugarren deialdian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak