"Ardura handiagoa sentitzen dut profesionalak ez diren abesbatzak zuzentzen ditudanean"

Txomin Madina Milikua 2026ko apirilaren 21a

Esteban Urzelai ABAO Bilboko Opera Koruko zuzendaria. Argazkiak: T.M.M / @aivideo.

Oñatiko Ganbara Abesbatza zuzentzen hasi zuen ibilbidea Esteban Urzelaik (Oñati, 1979), eta, Pianoko goi-mailako ikasketak eta Koru Zuzendaritza eta Orkestra Zuzendaritzakoak egin ostean, Donostiako Orfeoiko zuzendariordea, Oviedoko Operako Koruko zuzendaria eta Espainiako Koru Nazionaleko zuzendariordea izan da. Egun, ABAO Bilboko Opera Koruko zuzendaria da.

Puntua aldizkariaren 494. zenbakiko Elkarrizketa atalean argitaratutakoa da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.

Iazko uztail amaieran bihurtu zen Esteban Urzelai ABAO Bilboko Opera Koruko zuzendari, eta Espainiako Koru Nazionaleko zuzendariorde gisa Madrilen bizi izandako lau urteri amaiera eman zien. Horrek jaioterrira sarriago itzultzeko aukera eman dio, eta baita, hori aprobetxatuz, PUNTUAren galderei aurrez aurre erantzuteko ere.

Erronka pertsonal moduan hartu zenuen ABAO Bilboko Opera Koruko zuzendari izatearen ardura. Zein balantze egiten duzu?

Erronka pertsonala zela esan nuen, nik abesbatzak, zaleenak zein profesionalenak, zuzenduta nengoelako aurretik, baina opera bateko korua zuzentzen Oviedon emandako urte erdiko esperientzia bakarrik neukalako. ABAOk musikaren munduan beste bide bat jorratzeko aukera eman zidan, eta, egia esan, oso pozik nago. Esperientzia itzela dabil izaten. Abesbatzarekin lan-erritmo polita lortu dugula uste dut, konfiantza puntu batekin, eta opera batek bere inguruan dituen profesionalekin ere ondo nabil moldatzen: orkestra-zuzendaria dago hor, baita eszena-zuzendaria ere. Eta ABAOrekin ere, erakunde moduan, oso pozik nago.

Zure aurretik egon zen zuzendariak, Boris Dujin-ek, 1994a ezkero ziharduen ardura horretan; hari erreleboa hartzea ere ez zen erronka txikia izango. 

Alde horretatik, abesbatzarendako izan da aldaketa handiagoa, niretzat, azken finean, koru berria zelako. Haiek aurreko zuzendariarekin zeuden ohituta, eta lan egiteko modu berrietara, abestiak ikasteko modu berrietara, zuzendari berriaren izaerara... egokitu behar izan dute. Horixe izan da hilabete hauetan apurka-apurka lantzen joan garena bi aldeok elkarri egokitzeko. Esan bezala, ni oso pozik nago eta haiek ere pozik daudela uste dut, beste ideia eta errutina batzuekin datorren batekin lanean hasteak aire freskoa dakar eta. 

Zein da opera bateko korua edo bestelako koruak zuzentzearen arteko alde nagusia?

Koruak beti koru dira, eta lortu behar duzuna da afinatuta egotea, soinua polita izatea, ahotsak ondo uztartzea... Operako koruak, baina, baditu berezitasunak. Batetik, dena buruz ikasi behar dute, agertokian ez dagoelako partiturarik; ez da ahaztu behar, nolabait ere, aktore lanetan dabiltzala. Bestetik, kantatzen ari diren istorioa sinesgarri egin behar izaten dute. Orain, adibidez, Frantziako Iraultzan kokatutako opera bat entseatzen ari gara, eta, norbaitendako gillotina eskatzen dutenean, amorrua erakutsi behar dute, edo, norbait goraipatzen dutenean, poza ahotsarekin ere adierazi behar dute. Ezberdina izateaz gain, polita da hori. Era berean, operako koruaren kasuan, emanaldian ni ez naiz aurrean egoten zuzentzen, agertokiaren atzean baizik. Nire lana lehen planoan egoten da, Euskalduna jauregira heltzen garen arte; hortik aurrera, orkestra-zuzendariak eta eszena-zuzendariak agintzen dute. Emanaldietan, orokorrean, nire lana da bi zuzendari horiek esandakoak gogoraraztea. 

"ABAO-k musikaren munduan beste bide bat jorratzeko aukera eman zidan, eta, egia esan, oso pozik nago"

Zuzendari moduan zer ikasi duzu etapa berri honetan?

Nire izaera gehiago atera behar izan dut, Espainiako Koru Nazionalean eta Donostiako Orfeoian zuzendariordea nintzelako eta lehen ez nituen ardura batzuk neure gain hartu behar izan ditudalako: taldeko abeslarien aukeraketa, kokapena, ordutegiak... horiek guztiak neuk erabakitzen ditut. Eta, lehen esan bezala, testuak momentu bakoitzean zer eta nola esaten duen koruari nola transmititu eta hori nola lortu ere ikasi behar izan dut.

Suhar abesbatzaren zuzendaria ere bazara. Lan osagarria da hori?

Suhar oso koru berezia da, nahiko gutxi entseatzen duena. Hilean behin bakarrik elkartzen gara, ez da astero elkartzen den ohiko koru bat. Oso lan bateragarriak dira: Bilbokoa, normalean, aste barruko lana da, batez ere, eta asteburuetan Suharrekin izaten ditut konpromisoak. Musika aldetik osagarriak dira, Suhar gizonezkoen korua delako eta errepertorioa ere ezberdina delako; akaso, zailagoa. Niri aukera ematen dit abesbatzaren munduan egon daitezkeen bide ezberdinak, bide osagarriak, lantzeko. 

2023an Tolosako  Nazioarteko Abesbatza Lehiaketako sari nagusia eskuratu zenuen Suharrekin. Ados egongo zinateke zure musika ibilbideko momentu garrantzitsuena izan zela esango bagenu?

Baietz esango nuke. Euskal Herrian koruen munduan sartuta dagoen edozeinentzat Tolosako lehiaketa maila gorenenean dago. Ni 1995ean joan nintzen lehen aldiz hara, Oñati Abesbatzan sartu berri, eta txundituta geratu nintzen entzundakoarekin. 2006an Ganbararekin parte hartu genuen bertan, eta hara joateko egin beharreko prestaketak urteetako lana eragin zigun; hango oholtzara igo ginenean gure lorpenik handienetakoa egin izanaren sentsazioa izan genuen. Hamazazpi urte geroago, Euskal Herriko koruak ahalik eta maila gorenenean jartzeko asmotan joan ginen Suharrekin Tolosara, eta ikustea sari bat bestearen atzetik irabazten ari ginela, tartean sari nagusia, sekulakoa izan zen; ezin da gehiagorik eskatu!

Zuzendari lanetan badu eraginik aurrean abesbatza profesional bat zein profesionala ez den bat izateak?

A priori, ez; niri berdin dit aurrean ditudanak profesionalak diren edo bestelako lanbide batean aritu ostean denbora librea koruari eskaintzen dioten. Dena den, pertsonalki ardura gehiago sentitzen dut azkenengoak, profesionalak ez direnak zuzentzean. Izan ere, jende hori bere lanorduak bete eta gero dator abesbatzara, familiari-eta orduak kenduta. Errespetu osoa merezi dute, baita entseguak ahalik eta eraginkorrenak, dibertigarrienak eta pedagogikoenak izatea ere. 

Partitura berbera izanda, zertan igartzen da zuzendari bat edo bestea dela zuzentzen duena?

Niri futbola ez zait batere gustatzen, baina pentsatzen dut hor gertatzen den gauza bera gertatzen dela gurean ere: hamaika jokalari badituzu, nola igartzen da entrenatzaile batek edo beste batek entrenatzen duela? Partitura bat aurrera ateratzeko orduan, zuzendariren izaera ikusten da: eskuak mugitzeko modua, ze kontaktu duen abeslariekin, partituratik zer ateratzeko gai den... Azken finean, horixe da zuzendariaren lana: partituratik abeslariarenganako bide hori publikoari helaraztea. Hori guztia aurreprestaketa handiarekin eta ezkerreko eskua asko erabilita lortzen da, bai literalki eta baita abeslariekiko tratuan ere.

1996an, 18 urte bete barik zenituela hasi zinen zuzentzen Ganbara Abesbatza. Nolakoak izan ziren urte haiek?

Kariño handiarekin gogoratzen ditut; oso urte politak izan ziren. Zerbait ezberdina egin gura genuen; gaztetasunak nagusiekin loturak hausteko gogoa ematen du, eta guri ere horixe gertatu zitzaigun: Oñati Abesbatzan geunden, oso gustura, gainera, baina beste zerbait egin gura genuen. Gorka Cuevak utzi zuenean, neuk hartu nuen zuzendaritza. Zer lortu gura genuen jakin barik, esperimentatu egiten genuen, partitura bat topatu eta geure egin: kanta afrikarrak, The Beatles... itzela zen! Pozgarria izan zen baita ere taldea hazten joan zela ikustea, bai talde moduan eta baita artistikoki ere. 

"Operako koruaren berezitasun bat da abeslariek partitura buruz ikasi behar dutela; nolabait ere, aktore lanetan dabiltza"

Sarri entzuten da Euskal Herrian abesbatzak ez daudela momenturik onenean. Ados zaude horrekin? Eta hala bada, zein da buelta emateko modua?

Euskal Herriak betidanik izan du abesbatzen tradizio garrantzitsua, eta orain ere, Espainiarekin alderatuta, beste maila batean gaude. Beste kontu bat da koruen mundua gainbeheran dagoela, zoritxarrez, eta pandemiaren ostean, are gehiago. Pandemiak kalte handia egin zuen, taldeko ekintzak bertan behera geratu zirelako eta horri berriz ere heltzea kosta egin delako. Beti umeen faltan jarri izan da arreta, baina, nire ustez, umeei proiektu interesgarria eta kalitatezkoa emanez gero, engantxatu egiten dira abesbatzetara, motibatu egiten dira. Gaur egun gehiago kostatzen dela? Bai, baina ez dago bestelako makilatxo magikorik, hor egin behar da lana.

Imajinatzen duzu nolakoa izango litzatekeen abesbatza bako mundu bat?

Askoz mundu okerragoa izango litzateke! Koruaren munduan gabiltzanok behin eta berriz diogu, guk geuk hori bizi izan dugulako, zenbat onura dakartzan taldean abesteak. Ez Tolosako lehiaketan abesteak, baizik eta elkartu eta Xalbadorren heriotzean edo Txoria txori abesteak; entseguak eta kalitatea-eta alde batera utzita, barruan zerbait mugitzen da. Talde-lana, konpromisoa, elkarri laguntzea... horiek guztiak lantzen dira abesbatzetan, eta horiek alde batera uztea oso penagarria izango litzateke. 

Musikaz gain, beste zerk du lekua zure bizitzan?

Zorionez, nire ofizioa nire afizioa da, eta, ondorioz, egunean ordu asko pasatzen dut era batera edo bestera musikarekin lotuta. Partitura bat ikasten ibili naiteke, eta akaso, une horretan irakurtzen nabilen liburuak partitura horrekin zerikusia izan dezake, kontatzen duten istorioek harremana dutelako, obrako pertsonaiaren baten biografia delako, garai artistiko berekoak direlako... Baina egia da denbora libre askorik ere ez dudala eta, hainbat urtean kanpoan bizi ostean Euskal Herrira itzuli naizenez, daukadan apurra familiarekin-eta egoteko aprobetxatzen dudala. 

Oñatira itzultzen zarenean, aldatuta ikusten duzu?

Oñatira etortzen naiz, baina, batez ere, familiarengana... Kalean, kuadrillakoekin eta bestelako lagunekin egotearena egiteke daukat. Herria aldatuta dagoen? Nabari dudana da Oñati beti hor zegoen zerbait bezala ikusten nuela eta beti hor zegoenez ez niola garrantzirik ematen. Madrildik itzulita, herria gozatzeko gogoz nabari dut neure burua. Orain ere, elkarrizketa egin aurretik, saihesbidetik zuzenean etorri nintekeen, baina herri barrutik kalez kale ibili naiz, zein aldaketa gertatu diren-eta ikusten. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak