Enpresetako hizkuntza plan eta politikak aztertzeko jardunaldia ostiralean

Hasier Larrea 2026ko martxoaren 25a

Amaia Balda, Jone Urzelai eta Ibon Calvo.

Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultateak, EMUN euskara eta berrikuntza soziala helburu dituen erakundearekin elkarlanean, Hizkuntzatik ehuntzen izeneko jardunaldia antolatu du ostiral honetan, martxoaren 27an. 14:30etik 16:30era izango da saioa, Enpresagintza Fakultateko Oñatiko campuseko areto nagusian.

Ekimenaren helburua da bailarako enpresetan hizkuntza politikak eta hizkuntza planak praktikan nola garatzen diren aztertzea, erakunde ezberdinen esperientzia errealak oinarri, etorkizuneko erronkak identifikatzeko xedearekin.

Oñatiko Korrika Kulturalaren egitarauaren barnean kokatzen den ekimen honek bigarren sektoreko errealitatea mahai gaineratzea du helburu: "Bailarako enpresa gehienek kudeatzen dute hizkuntzen, eta, zehazki, euskararen errealitatea. Kasu gehienetan, kudeaketa estrategikoaren parte izan ohi da, bai barne komunikazioan, bai kanpo irudi zein harremanetan ere. Baina nola egikaritzen da balio kooperatiboen oinarri den hizkuntza? Zeintzuk dira kudeaketa horren ertzak? Nola egokitzen dira oinarriak, antolaketa eta aplikazioak egungo tesuinguru anitzera?", azaldu dute antolatzaileek.

Jardunaldi honek aukera eskaini nahi du erakunde ezberdinek egindako ibilbideak ezagutzeko, hamarkadetan egindako aurrerapenak, bidean aurkitutako zailtasunak eta aukerak zein etorkizuneko erronkak mahai gainean jarriz.

Ostiraleko saioan hizkuntza plan zein politiketan esperientzia luzea duten hiru erakundeetako aditu eta arduradunek hartuko dute parte: Amaia Balda Etxartek –EMUNeko zuzendari orokorra–, Jone Urzelai Bengoetxeak –Onnera Group-eko jasangarritasun eta komunikazio korporatiboaren arduraduna eta lehendakari ohia–, eta Ibon Calvo Echevestek –ULMA Taldeko lehendakaria–.

Norbere erakundearen kasu eta praktika errealetatik abiatuta, hitzartze bana egingo dute aipatutako hiru kideek. Kafe eta mokadutxorako tarte bat hartu ostean, mahai inguru formatuan eseriko dira hirurak, Enpresagintza Fakultateko Euskara Batzordeko arduradun den Jon Irizar Arangurenen gidaritzapean. Errealitatetik abiatuta, etorkizuneko lan-ildoak identifikatzea izango da helburua, erakundeen lehiakortasunean eta kohesioan
hizkuntzak duen paperean fokua jarriz.

Parte hartzea doakoa da, eta nahitaezkoa ez den arren, gomendagarria da aurrez izena ematea espazioa egokitzeko zein mokadutxoa antolatzeko, esteka honetan sakatuta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak