Zapatuan, martxoak 28, goizeko 5ak izateko hiru minutu faltako direnean dago aurreikusita Korrikak Oñatirako bidea hartzea –Arrasatetik dator–. Elorregiko autobus geltokiaren parean hartuko du Gipuzkoako Urak lekukoa eta eurek egingo dute Oñatiko kilometroetako lehena. Azkena, berriz, Lekeitioko Deabruak antzerki taldeak egingo du; Elgetako Udalari pasako dio lekukoa Elorregiko biribilgunean 06:27an, eta Bergarako lehen kilometroa egingo du eragile horrek.
Bi horien artean, beste 26 lekuko aldaketa egingo dira Oñatiko kilometroetan: Lurraldebuseko langileak, Nandrolly, Lana, Makalena Elkartea, Ulma –bi–, EH Bildu, Joxely, Oñatiko Udala, Natra, Hijos de Juan de Garay, Txantxiku Ikastola 1, Oñatz dantza taldea, Urgain Herri Eskola, Elkar Hezi, Gaztetxea, Aloña Mendi, Ulma –bi–, Onnera Group, Arrano-Sortu-LAB-Ernai, EAJ, Txantxiku Ikastola 2, Tia Pepi, Zorobero eta Bizipoz.
Korrikaren aurretik eta ostean, era askotariko ekintzak
Korrikak Oñati utzi orduko txokolate beroa prest izango dute Makalena elkartean baina aurretik ere era askotariko ekintzak egingo dira Oñatin. Korrika Txikia, esaterako.
Korrikaren aurretik egin ohi izan da Oñatin Korrika Txikia, eta aurten ere horrela izango da. Hala, egubakoitzean, 15:00etan hartuko dute parte hiru ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako ikasleek. Foruen plazatik Etxaluzeraino Txantxiku Ikastolakoak eramango dute lekukoa, handik Santa Marina plazaraino Elkar Hezikoek eta Urgainekoek hartuko dute han berriz Foruen plazaraino ekartzeko. Maila bakoitzak itzuli bat egingo du.
Korrika Txikiaren ostean, Gauargi taldeak erromeria egingo du herriko plazan, 17:00etan, eta erraldoiak eta txorimaloak 18:30ean aterako dira kalera. 21:00etan, berriz, kantu-afaria Pago Uson eta Adur eta Zeba taldeen kontzertuak gaztetxean. Hala ere, aurretik, 14:30ean, euskara eta enpresa berbagai izango duten mahai ingurua ere egingo dute enpresagintza fakultatean, eguenean, 18:30ean, gaztetxean, euskara eta aisialdia landuko dituzten moduan. Zapatuan bertan, Potx eta Lotx pailazoek Lagunekin Topa ikuskizuna egingo dute Santa Ana antzokian, 17:00etan; sarrera la lau euro.
"Sekulako" Korrika batzordea
AEKko Maite Mendizabal ibili da Oñatiko Korrika batzordea dinamizatzen eta oso pozik dagoela dio, lan handia egin dutelako parte hartu dutenek: "Sekulako Korrika batzordea sortu da Oñatin. Lanerako eta antolatzeko prest dagoen jendea, gogotsu denak. Oso egitarau ederra prestatu dute. Egia esan, plazera izan da. Lekuko aldaketen inguruan, berriz, azken Korrikakoan baino gehiago egongo dira aurtengoan".