1980ko azaroaren 29an Oñatin hasi zen lehen Korrikaren azken festa Bilbon egin zuten amaiera egunean, abenduaren 7an. San Mames futbol zelai zaharraren ondoan zegoen erakustazokan antolatu zuten azken ekitaldi hura. Eskualde bakoitzak eraman behar zuen zerbait, "zerbait handia, deigarria. Eta guk astoa eramatea pentsatu genuen. Astoa eta hari erantsitako karro bat". Horrela gogoratzen du orduko ospakizun hura Gema Zubizarreta aretxabaletarrak.
50 pezeta itzulia
Ibilgailu baten sartuta eraman zuten astoa Bilboraino. "Copreci kooperatibako furgoneta batean eraman genuen, anaia Koldo gidari zela. Bilbon, karroa jarri genion atzean, eta umeak paseatzen egin genuen guk eguna, hantxe, erakustazokan bertan. Beste anaia Xabier eta senarra, Bixente Elorza, edariak eta ogitartekoak prestatzen eta saltzen ibili ziren han muntatuta zituzten txosna modukoetan, eta Koldo, Ana Billar iloba, Xabier Zaloña laguna eta laurok, astoarekin umeak paseatzen. Kalderero jantzita, gainera". Argazkian agertzen den moduan, 50 pezeta itzuliko.

Astoa eta karroa ez ezik, Bergarako erreilenoak eta tostoiak ere eraman zituzten han saldu eta dirua lortzeko: "Han lortutako dirua etxera ekarri genuen, hemengo AEKra eramateko. Ardura handia izan zela hori gogoratzen du senarrak. Txanpon mordo bat ziren eta denak ibilgailuan sartu eta Bilbotik hona ekarri gauez, ilunetan, gero hemen zenbatu...".
Euskal Herri osotik joandako herritarrez beteta zegoela erakustazoka du gogoan Zubizarretak, eta hainbat ekitaldi egin zirela barruan: "Dantza taldeak egon zirela dut gogoan nik".
Gau-eskoletatik AEKra
Bilbora joan aurretik ere ibili ziren zubizarretarrak lanean Korrikaren alde: "Ezezaguna zen ideia, ez genekien zer eta nola egin behar zen, emaitza zein izango zen... Kilometroen salmenta egin, bailarako eragileekin egon...".
Korrikaren ideia heldu aurreko urteetan gau-eskoletan aritzen ziren senide haiek Bixente Elorzarekin eta beste hainbat lagunekin batera. Hain zuzen ere, haiek antolatzeko heldu zen Joxe Felix Diaz de Tuesta Arrasatera, Donostiatik: "1979ko udaberrian heldu nintzen. Gau-eskolak eskaintzeko lekuak bilatu, irakasleak pixka bat formatu... Irakasleak bazeuden, eta haiek batzea eta antolatzea zen nire eginbeharra. Euxebio Arexolaleiba ibili zen aurretik horretan".
Diaz de Tuesta udaberrian heldu, eta abendurako sortuta zegoen AEK erakunde moduan: "Bergarako Fermin Korkostegirekin eta Oñatiko Kepa Umerezekin jarri nintzen harremanetan, eta euskara erakusteko lana elkarrekin antolatzen hasi ginen. Orduan Arrasaten 30 bat lagun egongo ziren irakasle lanean; gau-eskoletan zebiltzan gehienak pasa ziren AEKra, boluntario. Lantegietara ere, kooperatibetara, joaten ziren".
Gauez eta elurrarekin
AEK sortu eta gutxira etorri zen Korrika antolatzeko proposamena, Bizkaitik, Diaz de Tuestak gogoratzen duenez: "Eskualdez eskualde onartu behar zen ekimen hura, eta onartu zen. Orduan, garrantzi handia zuen herriko eta eskualdeko antolaketak. Helburu ekonomikoa zuen lehendabiziko aldi hark, AEK finantzatzea lortu gura zen. Hurrengo urteetan asko hazi zen AEK-ko ikasleen kopurua, eta lehen Korrikak izan zuen arrakastak izango zuen eragina, seguruena, horretan. Arrasaten, adibidez, Erdu euskaltegia jarri genuen abian. Kultur elkarte moduan funtzionatzen zuen. Sekulakoa izan zen".

Sorrerako lanetan ez ezik, amaierako festan eta lehen ibilbideko kilometro baten lekukoa eramaten ere hartu zuen parte Diaz de Tuestak: "Oñatin izan nintzen lehenengo. Esango nuke Arantzazurekin ere izan zuela lotura Korrika hark, Aita Villasante buru zela, Oñatitik abiatu aurretik. Edozein modutan ere, Koldo Zubizarretarekin etorri nintzen handik Arrasatera autoan, eta Muzibarren hartu nuen lekukoa; Kanpanzarren gora, Elorrio aldera eraman nuen. Ilun zegoen, gaua zen, eta elurra ari zuen".