Herriguneko zuhaitzak identifikatuz ospatu dute Oñatiko Zuhaitz Eguna

Gontzal Belategi Zubia 2026ko otsailaren 22a

Berrikuntzekin etorri da aurtengo Zuhaitz Eguna. Zuhaitzak landatu beharrean, herrian dauden zuhaitzak ezagutzeko eta identifikatzeko txangoa antolatu dute. Bertaratu diren pertsonek iNaturalist aplikazioa erabili dute identifikazio lanetarako, eta ondoren, gainontzeko herritarrek ikusteko txarteltxoak jarri dizkiete zuhaitzei.

Natur Eskolak antolatuta, Zuhaitz Eguna ospatu dute gaur Oñatin. Normalean, herrigunean zuhaitzak landatu izan dituzte egun honetan, baina, aurten, planteamendua aldatu eta herriko erdiguneko berdeguneetan dauden zuhaitzak ezagutzeko zein identifikatzeko, txangoa antolatu dute. Honen arrazoia zuhaitz berriak landatzeak suposatzen duen zailtasuna dela azaldu du Natur Eskolako kide den Aimar Uribesalgok: "Urtetik urtera zailtasunak aurkitzen gabiltza zuhaitzak landatzerako orduan. Herrigunean ez dugu ikusten Zuhaitz Eguna egiteko moduko eremu handirik. Saiatu ginen salto bat eman eta Udalaren lurretan egiten, baina, konturatu gara horretarako denboraz ibili behar garela, lur batzuk txarrak direlako edo sasitu egin behar direlako".

Kontaktuaren garrantzia

Familiak eta haur txikiak izan dira nagusi aurtengo Zuhaitz Egunean. Uribesalgoren ustez, haurren artean ezagutza hedatzea garrantzitsua den arren, garrantzitsuagoa da hauek naturarekin kontaktuan jartzea: "Ezagutza esan genezake, baina umeek ez dute zerta lau urterekin zuhaitzen izenak jakin. Baina, bai izan behar dutela nolabaiteko kontaktua, izan zuhaitzekin edo orohar naturarekin".

Probetxuzko lana

Zuhaitzen identifikaziorako iNaturalist aplikazioa erabili dute egunean zehar. "Orain ezagutu dugun aplikazioa da. Zehaztasun handiarekin hartzen du edozein bizidun, eta argazki hori mapa baten kokatzen du". Aplikazoarekin egindako lana probetxuzkoa izango dela azaldu du Natur Eskolako kideak: "Orain, gure helburua Oñatiko herri barruko zuhaitz guztiak identifikatu eta aplikazioaren bidez non dauden kokatzea izango litzateke. Lan honekin aurrera jarraituz gero, Oñatiko zuhaitz bakoitza agertuko litzatekeen mapa bat izango genuke". Aplikazioarekin egindako identifikazio lana gainontzeko herritarren artean zabaltzeko, txarteltxo bana jarri dizkiete zuhaitzei, hauek identifikatuz. 

Beste herri batzuetan ere egin omen dituzte horrelako ekintzak, eta hauetako batzuetan, bestelako materiala sortu dute egindako lanarekin. Natur Eskolako kideek azaldu dutenez, identifikazio lan hau ondo eginez gero, posible izango litzateke herrian ere horrelako zerbait egitea, esaterako, Oñatiko zuhaitz espezieak eta hauen garrantzia azaltzen duen liburu bat. Hala ere, honek lan handia suposatuko lukeela adierazi dute. 

Erlazionatuak

Oñatiko Zuhaitz Eguna argazkitan

Gontzal Belategi Zubia ots 22, 14:30 Oñati

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak